AKTUALITATEA


| 2021-06-16 11:54:00

EH Bilduk Araba Zero Karbono plana aurkeztuko du gaur, 2050erako karbonoz neutroa den lurralde bat lortzeko helburua duen plana. Ordurako, %40 murriztu beharko da kontsumoa, eta %95 energia berriztagarrietatik etorri beharko da. Horrek esan nahi du gaur egungo ekoizpen berriztagarria bider hamar handituko dela. Gaur egun 1.000 GWh/urte-koa da, hau da, ekoizpen osoaren %7,5. Baina hori baino lehen, EH Bilduk tarteko agertoki bat planteatu du, 2030ean, non energia-kontsumo gordinaren %35 berriztagarria izan beharko da, eta aldi berean %30 murriztu beharko da haren kontsumoa. Kasu horretan, ekoizpen berriztagarria bider bost handitu behar da. Horren ondorioz, 2030erako 2.300 milioi euroko inbertsioa egingo da energia fotovoltaikoko 2.250 GW/h eta energia eolikoko beste 1.000 GW/h ekoizteko.

 

Mikel Oterok, Kike Fdez de Pinedok eta Amancay Villalbak, EH Bilduren ordezkariak Eusko Legebiltzarrean, Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean plan honen xehetasunak azaldu dituzte. Villalbak zehaztu duenez, “behingoagatik ekin behar diogu klima aldaketaren kontrako borrokari”. Hala, EH Bilduren ustez, prozesu horrek lau oinarri izan behar ditu: energia-subiranotasunaren eredurantz aurrera egitea, kontrol publikoa eta demokratiko energetikoa bermatzea, natura ondarea eta biodibertsitatea zaintzea, eta prozesuak eta estrategiak ahalik eta adostasun handiena izatea.

 

Eraldaketa horrek arriskuak ditu, eta gure lurraldea enpresentzako eta inbertsio-funtsetarako “erakargarria” izan daiteke. Zoritxarrez, badirudi herrialdeko erakunde nagusiek Araba “aukera lurralde” gisa hartu dute. Bide horretan iragartzen zaizkigun lehen urratsetan, badirudi egungo gobernuek, Arabako lurraldea proiektu berriak ezartzeko orri zuritzat hartzen dutela, estrategiarik eta kontrolik gabe.  Horregatik, erakunde publikoek aginteak hartu behar dituzte planifikazio irmoarekin, estrategia eraginkorrarekin eta kudeaketa demokratiko, garden eta kolaboratiboarekin, interes publikoa eta errentagarritasun soziala lehenesten dituena”, azpimarratu du Villalbak.

 

 

Mikel Oterok azaldu duenez, azken 30 urteetan etengabe hazi da energia-kontsumoa, eta kontsumitzen den energiaren %7,51 baino ez da jatorri berriztagarrikoa. Nabarmentzekoa da, gainera, kanpoko energia-mendekotasun “izugarria” dugula. “Horregatik, asmo handiko helburuak jarri ditugu, 2030erako kontsumoa %25 murriztea, energia-aurrezkiaren eta -eraginkortasunaren bidez lortu beharreko murrizketa lortzea eta, aldi berean, energia berriztagarriak hedatzea helburu dutenak. Helburu horiek Europarekin lotuko gaituzte, Europa mailan jarriko gaituzte eta, 2030ean esan dezakegu berotegi-gasen emisioa %55 jaitsiko dela 1990eko datuekin alderatuta, urte hori hartzen baita erreferentzia gisa”, zehaztu du Oterok.

 

Horregatik, Araba Zero Kontsumitzen denean bi helburu planteatzen dira: batetik, energia-kontsumoa murriztea eta energia-eraginkortasunean aurrera egitea eta, bestetik, energia berriztagarria sortzeko neurriak ezartzea, ingurune naturala eta biodibertsitatea errespetatuz. Hala, EH Bilduren esanetan, babes- edo paisaia-eremu gisa katalogatutako naturguneak edo mendiak eta babestutako flora edo fauna ukitzen dutenak baztertzeko eremu hartu behar dira.

 

Energia fotovoltaikoari dagokionez, EH Bilduren helburua da plaka fotovoltaikoak jartzea lurraldean dauden estalkien %50ean, energia-komunitateen, kooperatiben eta bestelako lankidetza-formulen bidez. Horrekin batera, instalazio txiki eta ertainak planteatzen dira, guztira 1.500 GWh/urteko potentzia instalatua lortu arte. Bestalde, Ekian eta Ekienearekin batera, 350 hektareako lurzorua okupatzea eskatzen duten 320 MW gehiago instalatzearen alde dago EH Bildu. Eguzki-baratze horietarako, antropizatutako eta erabiltzen ez diren eremuak aukeratu dira, hala nola edukiera handiko errepide-sarea, Noryeste-ko baltsa, Arraia-Maeztuko Laminoriako harrobian erabiltzen ez diren eremuak edo Lagraneko golf-zelai abandonatua.

 

“Energia-sorkuntza banatuak, bereziki banatutako energia fotovoltaikoak, izan behar du hurrengo hamarkadetako apustu publiko nagusia. Ez bakarrik antropizatuta dauden espazioak energia sortzeko errentagarri bihurtzean duen eraginagatik, baita energia-sorkuntzan eta -kontsumoan demokratizatzeko bidean dakarren paradigma-aldaketagatik eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko kontzientzia eta inplikazio kolektiboan duen eraginagatik ere. Aurrekaririk ez duen lankidetza publiko-komunitaria. Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa izango da komunikazio, lege, administrazio eta finantza-ekintzak konbinatzea (batez ere plangintza, hirigintza eta zerga-arloetan), aurre egin behar diogun erronka kolektiboaren dimentsioaren gizarte-barneratzea sustatzeko, eta herritarren ekimena bultzatzeko energia sortzeko instalazioen alde egiteko”, azaldu du Kike Fdez de Pinedok.

 

Energia eolikoari dagokionez, EH Bilduren proposamena da Badaiako eta Elgea-Urkilako parke eolikoak indartzea, -repowering- ekoizpena ia hirukoizteko eta urtean 300 GWh ekoiztetik 800 GWh ekoiztera pasatzeko. Gainera, 80 MW gehiago instalatu behar dira “adostasun soziala eta politikoa” sortzen duten kokalekuetan. Ekoizpen eolikoa osatzeko, energia minieolikoaren aldeko apustua egin da, sorkuntza fotovoltaiko banatuaren osagarri gisa, eta, hala, gaueko aldizkakotasunari erantzunez. Proiektu horien aldeko apustu eraginkorrari esker, urtean 1.750 GWh ekoitziko dira 2030ean.

 

 

Proposamen horiei beste hauek gehitu behar zaizkie: hidroelektrikoa, biomasaren aprobetxamendua, geotermia eta udalerriz udalerri garatu behar diren industria-prozesuetatik eratorritako energiaren berreskuratzea, tokiko energia-planen bidez.

 

Eta, jakina, energia-eraginkortasunaren arloan ere asmo handiko helburuak proposatzen ditu Araba Zero Kabornok. Kapitulu honetan, arreta berezia jartzen da garraioan, industrian eta eraikuntzetan. Garraioari dagokionez, EH Bilduren proposamena da egungo trenbide-korridoreak indartzea eta garraio publikoa elektrifikatzeko bidean aurrera egitea. Industria-arloan, batez ere bero gisa galtzen duen %40 berreskuratzeko prozesuak eta industria-lurzorua energia berriztagarrien sorkuntzarako erabiltzeko prozesuak. Azkenik, eraikuntzei dagokienez, asmo handiko plan baten aldeko apustua egin da, zaharberritzeko, energia berriztagarriak sortzeko eta eraikin berriak egiteko irizpideak parametro bioklimatikoen eta energia autosufizientziaren arabera berrikusteko.