AKTUALITATEA


| 2024-09-24 09:29:00

Udalerriko jarduera ekonomikoa sustatzeko eta Aguraingo hirigune historikoan hutsik dauden lokalak okupatzen laguntzeko, Udalak laguntza-deialdi bat onartu du. Laguntza horrek lokalaren alokairua ordaintzen den 12 hilekoen % 50 hartuko du, gehienez hilean 300 euro. Horretarako, Aguraingo Udalak 10.000 euro erreserbatu ditu, baina partida handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero.



Eskabideak urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira Aguraingo Udalean, eta bateragarria da beste laguntza mota batzuekin. Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute jarduera ekonomiko berri guztiek, baldin eta gutxienez urtebeteko errenta-kontratua badute eta bide publikotik sarbide zuzena badute. Kanpoan geratzen dira, besteak beste, ostalaritza, vending-ak, merkataritza-gune handiak, banku eta kutxak, apustu-etxeak edo tabakoaren edo erregaien salmentarekin lotutako jarduerak.


Udalerrian beste establezimenduren bat dutenek laguntza hauek jaso ahal izango dituzte, baldin eta establezimendua egungo kokalekuan ixten ez badute. Gutxienez urtebete egon beharko dute irekita; bestela, laguntzak itzuli beharko dituzte.

Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak azpimarratu du herriko alde zaharra garatzea eta dinamizatzea lehentasun bat dela. Horretarako, komertzioa biziberritzeko plan berezi bat onartu zen, hartu den bezalako neurriak jasotzen dituena.