AKTUALITATEA


| 2024-09-23 08:29:00

Mozio bat aurkeztu du Aldundiaren ardurapeko egoitzan ikuskapena egiteko eta, irregulartasunak antzemanez gero, zehapen-prozesu bat ireki dadin

Araba. 2024-09-23 | Arabarren egoitzan izandako irregulartasunen albistearen aurrean, EH Bildu Araba batzarkide taldeak hainbat ekimen erregistratu ditu gaur Gizarte Politiketako diputatuari zuzenduta, zentroaren egoera zehatza eta irregulartasunak konpontzeko zer neurri hartuko dituen jakiteko.

Hain zuzen ere, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Arabarrenen ikuskapenak egin daitezen eta, balizko arau-hausteetan oinarrituta, zigor prozesu bat ireki dadin. Mozioa premiaz izapidetzea eskatu du EH Bilduk.

Gainera, Arabarreneko ikuskapen-akta guztiak eskatu dituzte, «ireki zirenetik gaur arte», baita Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuaren agerraldia ere, senideek salatutako egoerak baloratu eta azal ditzan.

Claudia Venceslao EH Bildu Arabako batzarkideak bere taldearen babesa helarazi nahi izan die salaketa jarri duten senideei. «Babes osoa helarazi nahi diegu gai hau argitara emateko urratsa eman duten familiei. Badakigu ez zela erraza izango, eta zuen ausardia eskertzen dizuegu. Senide eta erabiltzaileek bizitzen ari diren larritasun-mailak izugarria izan behar du».

Venceslaoren ustez, salatutakoa oso larria da, nahiz eta «Arabarren eredua handikeriaz iragarritako zaintza-eredu berri baten ikurra zen». «EH Bilduk askotan salatu du Foru Gobernu honen politikek prekarietatea baino ez dutela ekartzen, eta prekarietate horren ondorioz, zaintzeko eta zainduak izateko baldintzak ez direla egokiak», salatu du batzarkideak.

Arabarren egoitzan artatutako pertsonen zenbait senidek salaketa jarri dute gaur. Besteak beste salatu dituzte jatorri ezezaguneko hematomak, ohetik erortzea, gehiegizko tenperatura logeletan, akatsak medikazioan edo arroparen galera. Era berean, salatu dute langile kopurua ez dela nahikoa artatutako hainbeste pertsonarentzat, nahiz eta ratioak Aldundiak ezartzen dituenak izan.

«Gizarte Politiketako diputatuari galdetuko diogu gai larri honetan non geratzen den bere eredua, pertsonarengan eta harremanetan oinarritutako arreta saltzen duena, baina gero familiek deskribatzen dutenarekin egiten dugu topo. Ezin dugu ahaztu zaurgarritasun izugarria duten pertsonez ari garela», amaitu du Claudia Venceslaok.