AKTUALITATEA


| 2025-01-28 10:19:00

Herritarrengandik hurbilen dagoen egitura instituzionala izanik, EH Bilduk kontzejuen autonomia eta finantzazio nahikoa hartu ditu ardatz gisa bere proposamenetan

Araba. 2025-01-28 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak 23 ekarpen egin dizkio Kontzejuen Foru Araua aldatzeko ponentziatik eratorritako ondorioen txostenari. Horrekin batera, testu artikulatu berri bat ere proposatu du, bere ekarpenak txertatuta, Kontzejuen Foru Arau berria izango denaren abiapuntu gisa.

Ruth Ibisate eta Javier Argote EH Bilduko batzarkideek prentsa-agerraldian azaldu dutenez, Kontzejuen Foru Araua aldatzeko ponentzia abiatu zen Batzar Nagusietan 2023ko azaroan eta, geroztik, hainbat eragile eta norbanakoren ekarpenak entzun ondoren, 1995etik indarrean dagoen Foru Araua aldatzea dagokio Arabako Foru Aldundiari, «egungo garaietara egokitzeko».

«EH Bildurentzat berebiziko garrantzia dute kontzejuek: herritarren egitura instituzional hurbilenekoa izateaz gain, herritarrek modu zuzenean euren ingurunean eragiteko duten gaitasunaren isla ere badira administrazio batzarrak. Horregatik, EH Bildutik beti defendatu izan ditugu kontzejuen autonomia eta finantzazio nahikoa bermatuko dituzten ekimenak», esan du Ruth Ibisate batzarkideak.

Ekarpenak

Filosofiari horri jarraikiz, ekarpen zehatzak egin ditu EH Bilduk. Javier Argotek esan duenez, «kontzejuen figura defendatzeko eta bultzatzeko filosofiarekin, EH Bilduk 23 ekarpen erregistratu ditu ponentziaren ondorioen txostenean, eta ekarpen horien filosofia jaso eta zehazten duen testu artikulatu bat ere idatzi dugu».

Oinarri gisa, Kontzejua izendapena erabiltzea proposatu dute, Tokiko Entitatea Txikia izena baztertuta. «Helburua argia da: kontzejuak adingabe gisa tratatzeari uztea eta Arabako erakunde-sarearen parte direla onartzea, beren eskumenekin eta beste edozein erakunderen eskubide eta betebehar berberekin», argitu du Argotek.

Horrekin lotuta, kontzejuek euren egitura administratibo propioa izatea proposatu du EH Bilduk, hainbat kontzejuren artean parteka daitekeena. Horrek ahalbidetuko luke, esaterako, kontzejuak administrazio elektronikora egokitzea edota gardentasun-atariak sortzera, hautetsiei eragiten dien zama burokratikoa arintzeko. Ildo horretan, hautetsien prestakuntza bermatzea eskatu dute, baita kontzejuetako administrazioko langileen prestakuntza ere.

Hautaketa prozesuari dagozkion ekarpenetan, EH Bilduk gastuak konpentsatzeko sistema ezartzea proposatu dute, baita kontzejuetako karguak udal hautetsiekin parekatzea ere, euren lana egiteko laneko baimenak eskuratzeari dagokionez. Kontzejuko edozein herritar hautatua izatea ere proposatu dute, inolako hautagaitzatan egon beharrik gabe. Azkenik, EH Bilduk proposatu du “auzokide” figura ezabatzea eta, horren ordez, «eskubideak eta betebeharrak dituzten biztanleen eta bizikidetza-unitateen kontzeptuak soilik jasotzea».

Oinarrizko filosofiarekin bat eginda, kontzejuen eskumenak zabaltzea proposatu dute, esaterako, euren lurretan eragin duten hirigintza prozesuetan parte hartu ahal izateko, edota kontzejuek udalerriko ogasunean parte hartzea, kontzejuak bere administrazio-sistema propioa kontratatzeko beharrezko finantzazioa izan dezan.

Auzolana da kontzejuetako ikurretako bat, baina EH Bilduren ustez, zehaztasuna falta da horren araudian: auzolanen arautzeak tokiko autonomia errespetatu behar du, eta herritarren parte-hartzea hartu ardatz gisa. Gainera, istripuek izan ditzaketen ondorioak eta sor daitezkeen erantzukizun penalak aztertu behar dira.

Amaitzeko, Kontzejuen Funtzionamenduaren Jarraipenerako Arbitraje Batzordea sortzea proposatu du EH Bilduk. Batzorde hori arloko diputatuak, teknikariek eta Kontzejuen Elkarte adierazgarrieneko ordezkariek osatuko dute. Batzorde honen helburu nagusia izango da Kontzejuren baten funtzionamenduarekin egon daitezkeen desadostasun edo kexen aurrean bitartekari-lanak egitea.

«Orain tokatzen dena da lan egitea eta gainerako batzarkide taldeekin hitz egitea, ahalik eta Foru Arau onena lortzeko. Hori bai, beti kontuan izanda Kontzejuak Toki Erakundeak direla eta balioan jarriz interes komuna defendatzeko duten eginkizuna», amaitu du Ruth Ibisatek.