AKTUALITATEA


| 2021-05-04 08:06:00

EH Bilduk txalotu du Kuartangoko Udalbatzak Arkamun proiektatutako zentral eolikoaren aurka agertu izana. Hala jaso da atzo egindako osoko bilkuran aho batez (EH Bildu, EAJ-PNV-PP) onartu zen adierazpen instituzional batean. Adierazpen instituzional horretan jasotzen denez, “parke eoliko horrek ingurumenean eta paisaian duen eragin handiak eta biodibertsitatearen galerak ez dute konpentsatzen energia berriztagarrien ekoizpena”.

 

Aixeindarrek, EVE eta Iberdrola partaide dituen enpresak, 200 metroko altuerako 19 haize errota jartzea proposatu du 95 MW sortzeko. Proiektu horren aurrean, Kuartangoko osoko bilkurak adierazi du “energia garbiak eta berriztagarriak erabiltzearen alde” dagoela, baina “ingurunearekin eta mendien erabilera onenekin bateragarriak izan behar dutela, eta betiere ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena lortzeko”.

 

Arkamuren kasuan, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da, eta, beraz, arriskuan jartzen ditu habitatak eta arriskuan dauden espezieak kontserbatzeko helburuak. Hori dela eta, Kuartangok uste du “ingurumen-balio handiko eremu naturalen industrializazioak ez duela zentzurik”, eta “leku antropizatuagoak, eskuragarriagoak eta ekologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik inpaktu gutxiago eragiten dutenak” daudela.