AKTUALITATEA


| 2020-06-19 10:31:00

EH Bildu-k tasa berri bat sortzea proposatu du, Arabako toki-erakundeek diru-iturri berri bat izan dezaten eta elektrizitatea, gasa eta hidrokarburoak garraiatzeko sareetatik kobratu dezaten. Tasa berri horri esker, Arabako toki-erakundeek 8,25 eta 36 milioi euro artean jaso ditzakete. Gaur egun, udalerriek elektrizitate- eta gas-konpainia horien fakturazioaren %1,5a kobratzen dute. Baina Toki Ogasunak arautzen dituen 2004ko Legeak aurreikusten du elektrizitate, gas, ur eta hidrokarburoen enpresek tasa bat ordainduko dutela udalerriak zeharkatzeagatik. Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak eta Javier Argote Arabako Batzar Nagusietako prokuradoreak aurkeztu dute ekimen hau.

"Ezinbestekoa da tokiko ogasunek diru-iturri berriak bilatzea, aurtengo eta hurrengo urterako espero den diru-bilketaren beherakada arintzeko. Era berean, garrantzitsua da modu bidezkoan egitea, eta uste dugu gas- eta elektrizitate-konpainia handiek ekarpena egin dezaketela eta egin behar dutela ,azken finean, gurea den lurzorua okupatzeagatik. Duela gutxira arte, enpresek ez dute ordaindu, tasa bera onartzen ez zutelako edo neurriz kanpokoa zela uste zutelako, eta, sistematikoki, auzitara jo dute. Hala ere, Auzitegi Gorenak tasa hori kobratzea bermatu du", azaldu du Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak.

Tasa hori ezartzeko, lurzoruaren balioa hartzen da kontutan, tipologiaren, merkatuan duen balioaren eta metro lineal bakoitzari dagokion metro koadroko okupazioaren arabera. Ordaindu beharreko kuota 3.000 euro eta kilometro linealeko 12.000 euro artekoa dela kalkulatzen da, tentsio baxu, ertain edo altukoa den kontutan hartuta kasuaren arabera. Gasari dagokionez, 500 eta 4.000 euro artekoa da kopurua. EH Bildu-k jakitera eman duenez, Arabako sare kilometroak ezagutzea ez da erraza eta datuak enpresa pribatu baten esku daude. Hala ere, Araban eskura izan ditugun azterlan batzuen arabera, badira 1.500 kilometro lineal gasa garraiatzeko eta 2.500 kilometro lineal goi-tentsioko eta erdi-tentsioko energia elektrikoa garraiatzeko.

Datu horien arabera, Araban 7,5 eta 30 milioi euro artean sar daitezke elektrizitate eroanbideengatik eta 750.000 euro eta 6 milioi euro artean gas eroanbideengatik.

Segurtasun juridikoa eta laguntza teknikoa

Arabaren kasuan, toki-erakundeei dagokie tasa hori kudeatzea. Javier Argote EH Bildu-ko batzarkideak azaldu duenez, "informazio hori eskuratzea oso zaila da, eta multinazional handi horiek euren makineria juridikoa martxan jarri ohi dute tasa hori ez ordaintzeko". Hori dela eta, Eh Bildu-k Arabako Foru Aldundiari eskatu dio aholkularitza eta laguntza eman diezaiela toki-erakundeei ordenantza horiek egiterako orduan. Horretarako, EH Bildu-k mozio bat erregistratu du Batzar Nagusietan, azterlan juridiko, ekonomiko eta tekniko bat egiteko eta ordenantza hau onartzeko interesa duten toki-erakundeekin elkarlanean aritzeko eskatuz.

Legeak baimentzen duen arren, Arabaren kasuan ur hodiak alde batera geratuko lirateke, gaur egun publikoak baitira. Hala ere, etorkizunean, zuntz optikoa tasa horretan sartzea azter liteke. Gasteizko hiriburuaren kasuan, eh Bilduren ekarpenari esker, tasa hori datorren ekitaldiari begira ezartzea aztertzen ari da Udal Gobernua.