AKTUALITATEA


| 2022-01-14 09:36:00

EH Bilduk Arabako Lurralde Historikoan adinekoei arreta emateko plaza berriak premiaz sortzea eskatu du. Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkarteak egindako azken azterlanaren datuak ezagutu ondoren egin du; izan ere, azterlan horretan ondorioztatu da Araban adinekoei arreta emateko 730 plaza falta direla. EH Bilduren ustez, Foru Gobernua ez zaio urrutitik ere erronka demografikoari erantzuten ari, eta horregatik, alderdi politikoekin eta eragile sozialekin adostutako ibilbide-orri bat martxan jartzearen aldeko apustua egin du, adineko pertsona guztiei kalitatezko arreta eskainiko dien sistema bat lortzeko.

 

Gero eta handiagoa den eskari horri erantzuteko Foru Gobernuak dituen planak argitze aldera, EH Bilduk hainbat galdera luzatu dizkio Emilio Sola Gizarte Politiketako Foru Diputatuari, Arabako Batzar Nagusien hurrengo kontrol osoko bilkuran erantzun ditzan. Claudia Venceslao EH Bilduko prokuradoreak adierazi duenez, “eskatzen dugu Gonzalez jaunaren gobernuak adinekoen arretaren arloan gogoz eta gogor egin dezala lan, ez du balio beste arreta-eredu bat iragartzeak, gero ezer gutxi egiten bada mendekotasuna duen adineko pertsona orok kalitatez zaindua izateko duen eskubidea bermatzeko. Kalitatezko zaintza duinen alde egin behar du behingoz. Guztiz onartezina da 120 pertsonatik gorako itxaron-zerrendak egotea edota langileak lanez gainezka eta ahituta izatea edota egoitza publikoak inolako lotsarik gabe eraistea. Foru Gobernua etorkizun hurbilean aurkezten zaigun erronka demografikoaren tamainaren parean egon behar da, eta Arabako egoitzetako egungo egoera ikusita, eginbeharren zerrenda luzea du egin gabe”.

Izan ere, Venceslaok gogorarazi duenez, kontuan hartu behar dira egoitza-plaza bat eskuratzeko dauden itxaron-zerrenda zabalak. Foru Erakundeak emandako azken datuen arabera, 28 pertsona daude plaza lagundu baten zain, eta 94 pertsona plaza psikogeriatriko batean sartzeko zain. «Egoera horri gehitzen badiogu Araban, EAJ-PSEren eskutik, egoitza-plaza publikoak ezabatzen ari direla, horrek guztiak arreta-plazen defizit hori areagotu ez ezik, adinekoen arreta pribatizatzeko joera garbia marraztu ere egiten du». Horren adibiderik argiena San Prudentzio egoitza historikoa eraisteko prozesua eta Arabarren proiektuaren garapen motela dira. “Proiektu horrek ez du plaza-gehikuntzarik ekarriko, plaza berri horiek San Prudentzion ezabatutako plazak ordezkatuko baitituzte” gaineratu du Venceslaok.