AKTUALITATEA


| 2021-09-20 16:46:00

Garraio zerbitzuen arloan urteetako murrizketen ondorioz Arabako Lautadak dituen gabeziei erreparatu die EH Bilduk Legebiltzarrean. Unai Fernandez de Betoñok proposamen egingarri bat aurkeztu du gaur Miranda-Gasteiz-Altsasu tartean aldiriko tren zerbitzu bat ezartzeko, Euskotrenek jada existitzen den trenbidea erabilita, trenaren liberalizazioa baliatuz. “Gure tren enpresa publikoak azpiegitura hori erabiltzea da proposatzen duguna, Renfe ez dagoelako zerbitzu egoki bat emateko prest. Teknikoki posiblea da eta interes soziala bistakoa da”. Hala eta guztiz ere, EAJk eta PSEk, PPrekin batera, atzera bota dute proposamena.

Fernandez de Betoñok, aldiz, azpimarratu du “Bilbok eta Donostiak ez bezala, Gasteizek ez duela aldiriko tren zerbitzurik eta, autobus zerbitzuari begiratuz gero, Agurain eta Gasteiz artean lan-egunetan bost zerbitzu bakarrik daudela ikusiko dugu. Gure proposamena beharrezkoa ez ezik, egingarria ere bada eta tren zerbitzua modernizatzea, Arabako lurralde-oreka hobetzea eta ibilgailu pribatuen erabilera murriztea ahalbidetuko luke, aldiriko tren horrek geraleku berriak ezartzeko aukera emango bailuke Mercedes lantegian, Zabalganan edota Salburuan, bai eta beste batzuk berreskuratzea ere, hala nola Oreitian, Ezkerekotxan, Eginon, Ziordian eta Olaztin, geldialdi fakultatiboak ezarriz”.