AKTUALITATEA


| 2026-06-11 09:25:00

Kuartangoko osoko bilkurak dagoeneko onartu duen mozioan, Adifi eskatzen diote Aprikanoko, Sendadianoko eta Andako trenbide-pasaguneak kentzeko proiektuei berriro ekiteko

Araba. 2026-06-11 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Kuartangoko udalerriko trenbide-pasaguneak kentzeko mozioa aurkeztu du Batzar Nagusietan. Zehazki, Kuartango harana iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen Bilbo-Miranda lineak dituen trenbide-pasaguneei egiten die erreferentzia, hau da, Aprikano, Sendadiano eta Anda herrietan dauden trenbide-pasaguneei.

«Joan den otsailaren 23an Aprikanon izandako zorigaiztoko tren harrapaketak ohartarazi digu ez dugula normalizatu behar trenbidea segurtasunik gabe zeharkatu behar izatea. Gertaera horrek agerian utzi du Kuartango harana iparraldetik hegoaldera zeharkatzerako orduan existitzen den arriskua», esan dute EH Bildu Araba batzarkide taldetik.

Hori dela-eta, trenbide-pasaguneetako segurtasuna ekarri nahi dute berriz eztabaidara, «bideak eta oinezkoak lotzeko tresna» direnez, «segurtasun-sistema eraginkorrak» behar dituztelako. «Oinarrizkoa eta ezinbestekoa da trenbide-pasagune guztiek gutxienez hesiak eta soinu-seinaleak eta argi-seinaleak izatea, tren bat gertu dagoela ohartarazteko».

Baina herriguneetan jarri nahi izan dute arreta berezia, segurtasuna are gehiago zaintzeko guneak direlakoan: «Herriguneetan segurtasuna are gehiago zorroztu behar da, zirkulazioa handiagoa delako eta errazagoa delako distrakzioak gertatzea; horregatik, trenbide-pasaguneak kendu egin behar dira, eta, horien ordez, bideak gurutzatzea eskatzen ez duten beste aukera batzuk jarri».

Hala, mozioan Adifi exijitzen diote «segurtasuna bermatzeko, trenbide-pasaguneetan A motako gutxieneko babesa ezartzeko, abisu- eta/edo babes-sistema automatikoekin». Horrekin batera, Aprikanoko, Sendadianoko eta Andako trenbide-pasaguneak kentzeko proiektuei berriro ekiteko ere eskatzen dute, eta baita gainerako trenbide-pasaguneetako segurtasuna aztertzea ere.

Azkenik, Adifi eskatzen diote Bilbo-Miranda lineako trenek abiadura murriztea herrigunea zeharkatzen dutenean; «izan ere, bideko eta oinezkoentzako pasabidea dira, igarobidea eragozten duen babes-oztoporik gabeak». EH Bilduk aurkeztutako mozio hau bera onartu zuen Kuartangoko udalbatzak ere.