Araban inoiz ez da egon itxaron-zerrendarik bazterketa egoeran dauden pertsonentzako foru-baliabide bat eskuratzeko; baina, une honetan 42 pertsona daude plaza bat eskuratzeko zain. Horietatik 3 emakumeak dira. Arabako gizarte-bazterketaren argazki tristea da. EH Bilduk salatu duenez, 2022an EAEn bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko VI. Ikerketak agerian utzi zuen egoera horretan zeuden pertsonen kopuruak gora egin zuela. Azterlan horren arabera, Gasteiz da kalean bizi diren emakume gehien dituen EAEko hiria.
Bestalde, Arabako 2024-2030 Gizarte Zerbitzuen Mapa egin aurreko diagnostikoak adierazten du 2030erako proiekzioari aurre egiteko Arabak 64 egoitzetan eta 78 eguneko zentroetan defizita duela. Bien bitartean, urtez urte gora egin du balorazio-zerbitzuek baloratutako pertsonen kopuruak. Azken urteotan, ordea, plazak suntsitu dira.
Gaur egun, Arabako Foru Aldundiak baliabide bakarra du (Besarkada Etxea); 14 plaza baino ez daude bertan, eta Abegian aurreikusitako baliabide berriak, beste 14 plazarekin, ez du balioko benetako beharrei erantzuteko. Egoera hori ikusita, EH Bilduk Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuaren agerraldia eskatu du, bere departamentuak egoera horri erantzuteko hartu beharreko neurriak azal ditzan.
"Egiaztatu dugu gizarte-bazterkeriari arreta emateko orduan defizit handia dagoela. Bai Gizarte Bazterkeriaren Balorazio Zerbitzuak baloratutako pertsonen kopurua, bai itxaron-zerrendan daudenen kopurua izugarri hazi dira Araban, eta, ondorioz, gero eta jende gehiago dago kalean. Argi dago baliabideak ez direla nahikoak ", nabarmendu du Claudia Venceslao EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako prokuradoreak.