AKTUALITATEA


| 2025-01-10 11:36:00

2016an, haustura bat eragin zuten harrobiko lanek eta, geroztik, harrobia urez betetzen da, harrobiko materialak akuiferora filtratuz

Araba. 2025-01-10 | EH Bildu Araba batzarkide taldearen ekimenez, Langraizko harrobiaren jarduerak duen ingurumen-inpaktuaren azterketa integrala eskatu dute, Subijanako akuiferoaren eta haren inguruko ekosisteman arreta berezia jarriz.

Langraizko harrobia kezka iturria izan da, 2024ko maiatzean jakin zenetik 2016an kobazulo bat hautsi zela, eta horrek galdera handiak eragin ditu Subijanako akuiferoan izan ditzakeen inpaktuei buruz. Ura agentziak 2018an ohartarazi zuenez, Langraizko harrobiak «eragin handia du Subijanako akuiferoaren funtzionamenduan». 2016an egindako hausturaren ondorioz, harrobia akuiferoko urez betetzen da euri asko den egunetan, eta horrek eragin lezake harrobiko materialak akuiferora filtratzea.

EH Bilduk azaldu duenez, «Subijanako akuiferoa lurpeko uraren ezinbesteko iturria da, gure erkidegoaren hornidurarako funtsezkoa eta tokiko eta eskualdeko ekosistemarako garrantzi handikoa». «Subijanako akuiferoko uraren kalitatea eta kantitatea arriskuan egon daitezke Langraizko harrobiaren jardueraren ondorioz, eta horrek ondorio larriak izan ditzake osasun publikoan eta ingurumenean», gaineratu dute.

Ingurumen-inpaktua

EH Bilduren arabera, funtsezkoa da Subijanako akuiferoaren babesa bermatzea eta Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta URAri eskatuko diete Langraizko harrobiaren jarduerak duen ingurumen-inpaktuaren azterketa integrala egitea, neurri prebentibo eta zuzentzaile egokiak hartzeko.

Ildo horretan, Iruña Okako udalbatzak ere azterketa hori bera egitea eskatu zuen iazko maiatzean, harrobiko jarduera kautelaz etetea eskatzearekin  batera, «gutxienez Subijanako akuiferoan izan dezakeen eragina argitu arte edo haren segurtasuna bermatzeko neurrien beharra argitu arte». Halaber, Iruña Okak harrobiaren ustiapen-aldia (2026an amaituko da) luzatzearen aurkako jarrera agertu zuen, eta Eusko Jaurlaritzari eta Langraizko administrazio batzarrari luzapenik ez emateko eskatu zieten. Horixe bera eskatzen zuen EH Bilduren Batzar Nagusietako mozioak ere, puntu horiek onartu ez diren arren.