AKTUALITATEA


| 2021-11-23 09:30:00

Bastidako Udalak, gaur egin aparteko osoko bilkuran, Zaragozatik Jundizera goi tentsioko linea elektriko bat eraikitzeko Forestalia Renovables taldearen proiektuaren aurka dagoela adierazi du aho betez. Kasu honetan, Bastidatik pasatzean, 44 eta 70 metro bitarteko 19 dorre proiektatu dira, horietako 12 Bastidako herrian eta beste 7 Gatzaga Buradonen. Lautadako Kuadrillak ere, atzo izandako batzordean, baztertu egin zuen Arabako Lautada zeharkatzen duen goi-tentsioko linea eskualdean inpaktu larriak dituelako.

Gaur Bastidan onartutako alegazioetan jasotzen denez, proiektuak afekzio ugari ditu, eta eragin handia du sektore ekonomikoetan eta hainbat aztarnategi eta ondasun inbentariatutan. Aipamen berezia merezi du, Ebroko korridoretik atera ondoren, lerroak Natura 2000 Sareko eremuei eragingo liekeela, hala nola Ebro ibaiari eta Arabako hegoaldeko mendilerroetako eremuari, baita Ardoaren eta Mahastiaren Paisaia Kulturalaren eremu katalogatuari ere. Are gehiago, alegazioetan agertzen den bezala, Arabako Errioxako paisaia naturala UNESCOren Mundu Ondarerako hautagai izateko proposatu dute Arabako erakundeek.

Baina udalerrian izango dituen inpaktuetatik haratago, EH Bilduren iritziz, titulartasun pribatuko eta sustatzailearen erabilera esklusiboko proiektu honek atea irekitzen du energiaren garraioa pribatizatzeko, orain arte, Espainiako Sare Elektrikoaren eskuetan egon dena. Are gehiago, proiektu hori ez dago jasota Estatuaren 2015/2020 aldiko plangintzan, ezta onartzeke dagoen 2021-2026 aldirako energia-planifikazio berrian ere.

EH Bilduren esanetan, ez da ebakuazio-linea bat, garraio-linea baizik eta jarduera hori egiteko baimenik ez du enpresa horrek. Hori gutxi balitz, linea horren garraio-ahalmenak aise gainditzen hainbat zentral fotovoltaiko eta eolikoetan sortu duen energia elektrikoa.

Bastidako Udaleko EH Bilduren bozeramale Iraia San Ildefonsok azpimarratu duenez, proiektu honek ez die erantzuten planetak klima-aldaketaren aurka dituen erronka globalei, ezta Agenda 2030ek sustatzen dituen printzipioei ere. “Kontsumo-zentroetatik urrun dagoen energia ekoizteko proiektu bat da eta garraioan energia asko galtzen da eta gure udalerrian inpaktu larrian izango ditu”, erantsi du.

Lautadako Kuadrilla

Bestalde, Lautadako Kuadrillak atzo batzordean baztertu egin du Forestalia Renovables taldeak Zaragozatik Gasteizera sustatu eta Arabako Lautada zeharkatzen duen goi-tentsioko linea. Izan ere, eskualdean inpaktu larriak dituen azpiegitura da.

Proiektuaren beraren arabera, lerro horrek 100 inpaktu larri baino gehiago izango ditu eskualdean. Baina azterketa ez dago guztiz osatuta eta ez ditu aurreikusitako eragin guztiak kontuan hartzen. Izan ere, 35 kilometroko ardatz batean dago, 5 kilometroko zabalerakoa. Han, zenbait azpiegitura biltzen dira (autobia, errepideak, ohiko trenbidea, bi linea elektriko, gasbidea... ) eta beste batzuk proiektatuta (Abiadura Handiko Trena eta Azatzetako zentral eta Elgea azpiestazioarekin lotutako goi-tentsioko linea). Arabako Lautadan 100 inpaktu larri baino gehiago daudela aitortu du proiektuak berak, eta, gainera, lehendik dauden edo proiektatuta dauden beste azpiegitura batzuk gehitu zaizkio, eta ez dira kontuan hartu haien ondorio metagarri eta sinergikoak.

Azkenik, EH Bildu Iruña Okak ere gaur aurkeztuko ditu alegazioak.