AKTUALITATEA


| 2022-05-06 12:28:00

Asparreneko Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio Araiako osasun-zentroko ordutegiak, arreta-egunak eta guardiak berreskuratzeko, eta medikuaren hitzorduen atzerapenarekin amaitzeko beharrezkoak diren bitartekoak jartzeko. Horrela jaso da atzo udalbatzan onartu zen mozioan. Mozioa EH Bilduren bozkekin aurrera atera zen. EAJk, aldiz, abstenitzea erabaki zuen, Iruraiz Gaunan EH Bilduk eta EAJk onartu duten testuari babesa emateari uko egin ondoren. Bertan, eskualdeko oinarrizko arreta “azkar” konpontzea eskatzen zen.

Onetsitako testuan gogorarazten da Aguraingo osasun zentroko profesionalen kopurua “nabarmen” murriztu dela, eta horren ondorioz, eskualdeko gainerako anbulatorioetan guardiako zerbitzua kendu da, asteko arreta egun batean murriztu da eta hitzordu bat hartzeko itxaronaldia luzatu egin da.

Txelo Auzmendi Asparrengo alkateak nabarmendu duenez, "egoera horrek eragin larria du, ez bakarrik kopuruan, baita arretaren kalitatean ere". Halaber, esan du herritarrek Udalera jo dutela, eta adierazi dutela egonezina dutela eta osasun-arreta okertzen ari zaiela. Hain zuzen, atzoko osoko bilkuran, osasun arreta hobea eskatuz herritar asko bildu ziren elkarretaratze batean. “Alde batetik, gaizki artatzen gaituzte, eta, bestetik, badakigu profesionalak erabat saturatuta daudela eta horrek eragina duela zerbitzuaren kalitatean. Adineko jende asko bizi den landa-populazioa gara, eta hori ere kontuan hartzeko modukoa da ratio egokiak kalkulatzeko orduan”, gaineratu du.