AKTUALITATEA


| 2024-06-28 07:05:00

EH Bilduk Gasteizko Udalari aurpegiratu dio Arratzua-Ubarrundiari eragoztea Vitoria Solar 1 planta fotovoltaikoa eraikitzeko behar den plan bereziaren tramitazioa bere gain hartzea. Proiektuak bi udalerriei eragiten die, eta, beraz, adostu behar dute nork hartuko duen bere gain plan berezi hori idazteko ardura, edo, bestela, Arabako Foru Aldundiaren esku utzi.

Gasteizko Udalak uko egitea erabaki du, baina Arratzua-Ubarrundiako Udalak plan berezi horren idazketa bere gain hartzea onartu zuen joan den maiatzaren 13an egindako osoko bilkuran. Udalbatzaren erabakian adierazten denez, erabaki honen bidez Arratzua-Ubarrundia udalerriaren eskubideak defendatu nahi dira, planaren eraginpeko lurzoru gehiena udalerri horretan baitago, %99a hain zuzen. Era berean, Arratzua-Ubarrundiak plan bereziaren izapidetzearen buru izan nahi du, espedientea hobeto ezagutzeko.

Hala ere, Gasteizko Udalak uko egin dionez, Arratzua-Ubarrundiak ezin du zeregin hori bere gain hartu. EH Bilduren iritziz, "oso larria" da Gasteizek bere lurraldeari buruz beste Udal batek legez hartu nahi dituen erabakietan parte hartzea. Gainera, interes partikularrak ikusten ditu erabaki horren atzean; izan ere, Borja Rodriguez Hirigintza zinegotziak berak aitortu zuen, EH Bilduren galderei erantzunez, Arabako Foru Aldundia izan dela plan berezi hori idazteko interesa "pertsonalki" adierazi diona.