AKTUALITATEA


| 2024-06-27 11:10:00

Arabako Batzar Nagusiek erabateko babesa eta aintzatespena adierazi diote UNRWA agentziaren lanari, jasaten ari den eraso- eta deslegitimazio-kanpainaren aurrean

Araba. 2024-06-27 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak sustatuta, UNRWA Palestinak Ekialde Hurbilean dituen errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren lana babesteko mozioa onartu dute gaur Arabako Batzar Nagusiek. Hiru puntuko mozioa aurrera atera da EH Bilduren, EAJren eta PSEren babesarekin.

Joan den apirilaren 18an, Berdintasun, Euskara, eta Gobernantza Batzordean, UNRWA Euskadiko ordezkariaren agerraldia izan zen, oso modu argi eta zehatzean azaldu zigun zein den Agentziak aurrera eramaten duen lana, bai urriaren 7a baino lehen, baita orain ere, Gazan bizi den egoera lazgarrian.

June Mugica EH Bildu Arabaren ordezkariak defendatu du mozioa batzordean: «Momentu honetan Gazakoa katastrofe humanitarioa da, dagoeneko egoera zaila zen urriaren 7a baino lehen; izan ere, lurrez, itsasoz eta airez blokeatuta zegoen. Baina orain setiopean daude. Biztanleriaren egoera oso zaila eta kritikoa da. Are gehiago, horrela deskribatu zuen egoera: Erabateko suntsiketa, Gerra-krimena eta Gosetea».

«Iazko urriaren 7az geroztik, Israelek jomugan izan du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa. Horren ondorioz, NBEren organoak finantzaketa iturri asko galdu ditu. Eta maiatzaren 29an beste pauso bat eman zuen Israelgo Parlamentuak, bidea ireki baitio UNRWA «talde terroristatzat» jotzeko lege proiektuari. Hau onartuz gero, lan bulegoa guztiz desegiteko aukera egongo da», adierazi du June Mugicak.

Puntuz puntu

Hori dela-eta, Arabako Batzar Nagusiek erabateko babesa eta aintzatespena adierazi diote UNRWA agentziaren lanari, jasaten ari den eraso- eta deslegitimazio-kanpainaren aurrean

Halaber, Arabako Batzar Nagusiek Arabako Foru Aldundiari eskatu diote azter ditzala, Gasteizko Udalarekin batera, UNRWA agentziak eta Palestinan lan egiten duten beste erakunde batzuek Arabako Larrialdietarako Funtsari egiten dizkioten laguntza-eskaerak, orain arte egin duen bezala.

Adostutako mozioa UNRWAri helaraztea ere adostu dute taldeek.