AKTUALITATEA


| 2025-01-16 11:19:00

Ignacio Aldekoa kultur etxearen euskarazko eskaintza handitzea ere eskatu dute, eskaintza osoaren % 8,3 baino ez baita euskaraz

Araba. 2025-01-16 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa erregistratu du gaur, Arabako leku-izenen euskarazko izendapenak bateratu eta era koherentean erabiltzeko.

Natxo Urkixo EH Bildu Arabako batzarkideak adierazi duenez, Arabako toponimoen euskarazko bertsioa ez da beti erabiltzen, eta maiz gertatzen da arbitrarioki euskarazko bertsioa ezabatzea, leku arazoengatik, esaterako. Halakoak gertatzen dira bai herri-sarreretako errotuluetan, baina baita agiri ofizialetan ere.  

Hala, mozioan Arabako Foru Aldundiari eskatzen zaio Arabako euskarazko toponimoen erabilera koherente eta bateratua sistematizatzea, euskarazko bertsioak beti ager daitezen, otsailaren 21eko 4/2011 Foru Arautik eratorritako foru izendegiari jarraikiz. Era berean, espazio arazoak daudenean euskarazko izendapena lehenestea ere eskatu du EH Bilduk, euskarazko toponimo horien zabalpena egiteko.

Euskarazko eskaintza

Ignacio Aldekoa kultur etxearen kasuan, aldiz, EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu du Kultura eta Kirol batzordean eztabaidatzeko: kultur etxe horretako eskaintzan euskararen presentzia areagotzea eskatu dute, eskaintzaren % 8,3 ez baitago euskaraz.

«Kulturgunearen web-orrian informazio bila sartzean, berehala ohar gaitezke erakunde honek ez duela errespetatzen Arabako hizkuntza ofizial bietan kultur jarduerak egin ahal izateko eskubidea», adierazi du Natxo Urkixo batzarkideak. Horiek hala eta kultur etxea Foru jabetzakoa izanik, Aldundiari eskatzen diote euskarazko eskaintza bermatzea jarduera guztietan, hizkuntza hautatzeko aukera emanda.

«Egitarau honetan euskarazko ikastaroen eskaintza %8,3koa da. Argi dago, edonondik begiratuta ere, gure hizkuntzan egindako eskaintza oso eskasa dela eta helburu pragmatikorik gabe, alegia, “justifikazio” itxura baino ez duela», esan du Natxo Urkixok.