EH Bilduk goi-tentsioko linea geldiarazteko ekimen bat defendatuko du Madrilgo Senatuan. Forestalia enpresak sustatuta, linea horrek Aragoin eraikitako hainbat energia berriztagarrien ekoizpen zentraletako energia Gasteizeraino eramango luke. Ekimen bera iazko urrian onartu zen Arabako Batzar Nagusietan aho betez eta proiektua baztertu zuten "inpaktuagatik eta eragin larriengatik".
Orain, ebakuazio azpiegituren proiektuaren izapideak ez jarraitzeko eskatuko du EH Bilduk Senatuan, sortutako kalteak "konponezinak" direlako. Horrez gain, gogoratu du gure lurraldean ez dagoen azpiegitura dela eta ebakuazio-puntutik 165 km baino gehiagora dagoela.
Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak gogorarazi duenez, energia sortzeko instalazioei eman behar zaie lehentasuna ebakuazio lotunetatik ahalik et gertuen daudenean. "Ahalik eta energia-burujabetza handiena lortzeko lan egin behar dugu, ahalik eta eremu geografikorik hurbilenean. Zentzugabekeria da ebakuazio-lineak erabiltzea, garraio lineen ordez”, gaineratu du Estarronak. Izan ere, Forestalia-ko linea errealitate bihurtuko balitz, Gasteizko azpiestazioek ezingo lieke erantzunik eman Gasteizko hiriburutik gertu dauden energia sortzeko beste proiektu batzuei.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Domografikorako Ministerioak argi berdea eman dio proiektu honi. Zortzi parke eoliko eta bi fotovoltaiko ditu, baita ebakuazio-linea ere, gutxi gorabehera 165 kilometroko luzerarekin Nafarroako lurraldearen zati handi batetik eta Arabako udalerri hauetatik igarotzen dena: Asparrena, Donemiliaga, Agurain, Iruraiz-Gauna, Barrundia, Burgelu, Arratzua-Ubarrundia eta Gasteiz.