Arabako Lautadako Kuadrillak 2025. urterako aurrekontuak onartu ditu. Joan den abenduaren 23an Kuadrillak egindako azken osoko bilkuran egin zuen. Horrela, erakundeak 4 milioi euro baino zertxobait gehiago izango ditu hurrengo ekitaldirako, aurreko ekitaldian baino %18 gehiago.
Inbertsiorik handiena ingurumenaren eta hondakinen kudeaketarekin zerikusia duen guztiari dagokio; 1,8 milioi euro izango ditu atal horrek. Izan ere, 2025ean, Asparrenako konpostaje planta berria irekitzearekin batera, Arabako Lautadako Kuadrillak hondakinen bilketa selektiboa bultzatzea aurreikusten du, bereziki biohondakinarena. Horrela, hondakinak biltzeko zerbitzuaren lizitazio berri bat egingo da, edukiontzi berriak eskuratuko dira eta edukiontzi horiei itxiera elektronikoko sistema bat jarriko zaie.
Hori da aurrekontuan sartzen den berrikuntzetako bat. Bestalde, azken Lanpostuen Zerrenda (LPZ) onartu ondoren, erakundeak idazkari kontu-hartzaile bat izango du, eta horretako urtean 40.000 euro bideratuko dira. Beste 20.000 euro kuadrillak Agurainen duen egoitzaren zati bat eraberritzeko inbertituko dira.
Gainera, eskaintza eta kudeaketa koordinatzeko asmoz, Arabako Lautadako Kuadrillak 17.000 euro gorde ditu Agurainen, Asparrenan eta Dulantzin dauden hiru musika-eskolak eskualdekatzeko azterlan bat egiteko, hiru egoitzako musika-eskola bakar gisa funtziona dezaten.
Azkenik, nabarmentzekoa da 100.000 euro bideratuko direla euskara-zerbitzura, besteak beste, euskararen erabilera normalizatzeko plan berri bat egiteko, eta Lautadak 30.000 euro inbertituko dituela indarkeria matxistako protokoloa berritzeko, LGTBQ+ kolektiboa barne hartuko duena.
Arabako Lautadako Kuadrillako presidente Gustavo Fernandez Villatek kontu horien balioa azpimarratu du, Kuadrillari aukera emango diolako baliabide ekonomiko gehiago izateko eta zerbitzuak emateko, besteak beste, hondakinen kudeaketa, jarduera soziokulturalak, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta euskararen sustapena.