Gaur inauguratu da Asparrena-Donemiliagako industrialdean Arabako landa-eremuko materia organikoa tratatzeko lehen instalazioa. Asparrena eta Donemiliagako udalek bultzatutako planta da, baina eskualdeko zortzi udalerriei emango die zerbitzua eta Arabako Lautadako Kuadrillak kudeatuko du.
Proiektua 2024an hasi zen 1.6 milioi euro inguruko obra baten lizitazioarekin, eta Espainiako Estatuko Gobernuak MITECOren bidez, Eusko Jaurlaritzak Next Generation funtsen bidez eta Arabako Foru Aldundiak ere finantzatu dute.
Konpost planta udal politiken esparruan sortu zen, konpostajea Asparrena-Donemiliagako eta Okiturriko industrialdeetako eta sortzaile handietan (jatetxeak) zein etxeetan sortutako biohondakina kudeatzeko tresna gisa sustatzeko. Baina laster ikusi zen plantak eskualde-izaera izan zezakeela eta Arabako Lautadako Kuadrillan sortutako biohondakinak kudeatu zitzakeela.
Gaur edukiontzi marroiko hondakinekin sartu da lehen kamioia. Arabako Lautadan bizi diren 12.000 pertsonen hondakin organikoak bilduko ditu eta 500 tona tratatuko ditu urtean.
Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak gogorarazi duenez, "gaur harrotasunez esan dezakegu, txikiak izan arren, ederki pentsatu eta gauza handiak egin ditzakegula gure txikitasunetik, Arabako landa-eremuan materia organikoa tratatzeko lehen planta garelako". Auzmendik azpimarratu duenez, "ingurune natural paregabean bizi gara, eta hari zor gatzaizkiola sentitzen dugu; horregatik, administrazio gisa, zaindu egin behar dugu, eta etorkizunari ausardiaz begiratu".
Bestalde, Arabako Lautadako Kuadrillako presidente Gustavo Fernandez Villatek eskerrak eman dizkio Asparrenako Udalari "ausardiagatik eta irmotasunagatik", eta gogorarazi du proiektu hori eskualdeko hondakinen kudeaketan egiten ari den aldaketa sakonaren beste pieza bat dela. Fernandez Villatek gogorarazi du sistemarik eraginkorrena hondakin organikoa etxean bertan konpostatzea dela, baina planta horrek herrigune handiei, altuerako etxebizitzari eta ekoizle handiei eman ahal izango diela zerbitzua, lantegian tratamendu- eta iraunkortasun-tresna bat izango baitute.
"Planta horri esker, gure bizilagunei ezagutarazi ahal izango dizkiegu beren jardunbide egokien emaitzak eta konpostatutako materiaren erabilera nekazaritza erabilerako lursailetan; horrela, mantenugaietan aberatsa den ongarri bihurtutako zirkulua itxiko da, eta egun batean erauzitako bizitza lurrari itzuliko zaio", azaldu du.
Helburu horrekin, Arabako Lautadako Kuadrillak berritu egin du eskualdeko hiri-hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzua, eta 485 edukiontzi adimendun ere kontratatu ditu, hondakinen gaikako bilketan aurrera egiteko eta Hondakinen Legeak ezarritako helburuak betetzeko.
Aurreikusitako ontzi berrien artean, organikoaren gaikako bilketara bideratutako 132 edukiontzi adimendun daude. Edukiontzi berri horiek, Asparrenako lantegiarekin batera, "kalitatezko biohondakin bat biltzeko aukera emango dute, gure konposta egin ahal izateko".