AKTUALITATEA


| 2021-09-18 09:46:00

Teodoro Olarte 1936an Arabako Foru Aldundiko presidentea hil zutenetik 85 urte bete direnean, Arabako Frankismoaren biktima guztiak omendu ditu EH Bilduk. Lore-eskaintza bat egin du EH Bilduk Gasteizko ‘In Memoriam’ monumentuan eta bertan Arabako Arduradun Politikoarekin batera, EH Bilduko legebiltzarkide, batzarkide eta zinegotziak egon dira. Olarteren eta gainerako kideen hilketa salatzeaz gain, altxamendu militarraren eta ondorengo diktadura kriminalaren ondorioz errepresioa, tortura, espetxeratzea, erbestea eta erailketa jasan zituzten milaka pertsonak gogoratu nahi izan ditu EH Bildu-k.

2016an, EH Bildu-k Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiari proposatu zien Olarte buru zuen batzordeari omenaldi publikoa egitea -13 kidek osatzen zuten batzordea eta frankistek horietako 9 hil zituzten-. Ekimen horri esker, urtero Arabako errepresaliatu guztiak gogoratzen dira.

Kike Fdz de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak adierazi duenez, Olartek ezin hobeto ordezkatzen du desberdinen arteko lankidetzaren ondorioz errepublikaren borondatea, baita herritarren bultzadaren ondorioz berdinen gizarte justu, solidario, demokratiko eta laikoa ere.

EH Bilduk memoriarekin eta justiziarekin duen konpromisoa azpimarratu du, eta EAJ eta PSEren Foru Gobernuari leporatu dio frankismoa epaitzeko beste erakunde publiko batzuek irekitako bideari jarraitzeari uko egin izana. Duela lau hilabete, EAJk eta PSEk errefusatu egin zuten frankismoaren aurkako kereila bat aurkeztea gizateriaren aurkako delituengatik, diktadura eta nazioarteko auzitegietan egindako krimenak epaitzeko.