AKTUALITATEA


| 2019-12-12 12:29:00

Arabako Foru Aldundiak prebentzio komunitarioko programak Lautadako udalerrietan orain arte bezala garatzen jarraitu dezan eskatu du EH Bilduk Arabako Lautadako Kuadrillan. Gizarte langileek Alkateei, Arabako Foru Aldundiak 2020ko aurrekontuetan programa hauek erdira murriztu dituela jakinarazi bezain azkar, Kuadrillako Batzarrean eztabaidatzeko mozio baten bitartez egin den eskaera izan da. Aldundiaren aurrekontuak eztabaidagai daude oraindik Batzar Nagusietan.

 

Lautadako udalerrietan 27 urte baino gehiagoko ibilbidea duten programak dira, oso errotuak daudenak gure gizartean eta hauen helburua oso anitza da. Familian, eskolan eta beste hainbat eremu komunitariotan jarduerak bultzatzeko programak dira, kolektibo ezberdinen parte hartzea bilatzen dutenak, ohitura osasuntsuak bultzatu eta arazo ezberdinen aurrean prebentzioari buruzko formakuntza garatuz. Jarduera hauen oinarria profesional, entitate, elkarte eta instituzio ezberdinen arteko lan-sare informalak sortzean datza. Lautadako Udaletxeek oso positiboki baloratzen dituzte programa hauek baina hauek desagertzeko mehatxua ez da kontu berria, Txelo Auzmendiren esanetan, “pasa den uztailean eta Lautadako Udaletan inongo aurre-abisurik jaso gabe, Aldundiak gizarte langileei ahoz adierazi zien programa hauen desagerpena irailetik aurrera gauzatuko zela baina Lautadako Udal guztien eta Kuadrillaren aurkakotasunagatik atzera jo zuten orduan”.

 

Egoera honen aurrean, EH Bilduk aldarrikatzen duena da programa hauek orain arteko baldintza berdinetan mantentzea. Horrez gain, Aldundiari eskatzen dio, Lautadako Kuadrilla eta Udalekiko leialtasun instituzional minimo bat izatea eta ez dezala inolako aldaketa edo murrizketarik egin inor informatu edo kontrasterik egin gabe.