AKTUALITATEA


| 2026-11-17 16:15:00

Josu Estarrona EH Bilduren Senaturako Arabako hautagaiak azaroaren 29ko hauteskundeetan EH Bilduren aldeko botoak duen garrantzia aldarrikatu du gaur Oionen egindako ekitaldi politikoan.

Estarronak bi bloke argitan egituratutako errealitate bat marraztu du: «Edo bloke erreakzionarioa edo EH Bildu», esan du senatari izateko hautagaiak. «Hauteskunde orokorreta hitzordua hurbildu ahala, badago bloke erreakzionarioak argi duen zerbait: EH Bildu da bere arerio politiko eta elektoral nagusia. EH Bildu da bloke erreakzionarioari aurre egiteko, ordezkaritza izateko eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan diputatuak eta senatariak lortzeko gaitasuna duen indar politikoa. Azaroaren 29an jokoan dagoena da nork betetzen dituen eserleku horiek eta zein proiektu politikorekin».

Hala, Josu Estarronak botoa mobilizatzeko deia egin du, eta konfiantza osoa agertu du Arabako gizarteak EH Bilduk ordezkatzen duen ezkerreko subiranismoaren alde egingo duela. «Hauteskunde hauetan aukeratu egin behar da. Eta gu ziur gaude herrialde honek jakingo duela aukeratzen eta bloke erreakzionarioa garaituko duela. Posible egingo dugu», esan du Estarronak.

Eskubiaren aurrean, eskubideak

Bestalde, Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldun nagusigaiak Kongresutik eta Senatutik lanean jarraitzea defendatu du, PPk bere garaian egindako murrizketei buelta emateko, eta Arabako pertsona askok pairatu behar duten eguneroko errealitatea deskribatu du. « Soldatak ez dira igotzen, eta prekarietatea gero eta hedatuago dago. Eskuinaren aurrean, eskubideak. Haien murrizketen aurrean, gure bermeak. Bloke erreakzionarioari aurre egiteak lanaldia murriztea ere esan nahi du. Gutxieneko Soldata propioa defendatzea. PPk ezabatu zituen kaleratzeagatiko kalte-ordainak eta izapidetze-aldiko soldatak berreskuratzea», nabarmendu du Lopez de Arroyabek.

Eskubide sozialak babesten jarraitzeko, Lopez de Arroyabek EH Bilduren aldeko botoa defendatu du, murrizketei, prekarietateari eta bizitzaren garestitzeari aurre egiteko modu gisa. «Ezkerreko subiranismoari eman behar zaio botoa, lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko. Eta bloke erreakzionarioa eserlekurik gabe uzteko. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta prekarietate gutxiago. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta murrizketa eta pribatizazio gutxiago. Zenbat eta EH Bildu gehiago, bizitza duinak eraikitzeko orduan eta eskubide eta berme gehiago», amaitu du ahaldun nagusi izateko hautagaiak.