AKTUALITATEA


| 2026-11-16 11:09:00

Alkateak Francoren aldeko plaka kentzeari uko egin dio behin eta berriz, molestatzen ez duela edota herrian betidanik egon dela argudiatuz, frankismoaren biktimei eta legeari iseka eginez

Araba. 2026-11-16 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak eskatu du Mañuetako alkateak Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Batzordean agerraldia egin dezala, herriko udal eraikin batean dagoen Caídos por Dios y por España lelo frankista duen plaka kentzeari behin eta berriz uko egiteagatik azalpenak eman ditzan Batzar Nagusietan.

«Tristea eta iraingarria bada ere herriko alkateak, Alderdi Popularreko Francisco Javier García Pérez de Lozak, uko egin dio eraikinetik lema frankista kentzeari. Uko egin dio beraz, Legea betetzeari. Ez hori bakarrik hainbat komunikabidek jaso dutenaren arabera, “No molesta a nadie” edo “Por propia iniciativa no quitaré algo que lleva toda la vida en el pueblo” bezalako adierazpen onartezinak egin izan ditu», argudiatu du EH Bildu agerraldi eskaeran.

Hainbat izan dira alkateak jasotako errekerimenduak plaka kentzeko, baina udalak ez ditu agindu horiek behar bezala bete. Izan ere, errekerimenduaren aurrean, Udala testua egurrezko listoi batekin ezkutatzen saiatu zen hasiera batean. Ondoren, nahiz eta horrek indarrean dagoen legeria urratzen jarraitu, igeltsuz estaliko zuela iragarri du.

«Oso kezkagarria da ordezkari publiko batek frankismoaren gorazarrea egiten duen inskripzioa mantendu eta ez kentzeko hautua egin izana. Are gehiago, testuinguru batean zeinetan olatu erreakzionarioak posizioak hartu eta iraganeko irakurketa partziala sustatzen ari duen, egungo hainbat jarrera politiko normalizatzen saiatzeko», esan dute EH Bildutik.