Epe luzerako planak mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea suspertzeko neurri zehatzak jasoko lituzke, baina baita eskualdearentzat funtsezkoak diren beste alderdi batzuk ere, hala nola etxebizitza, zerbitzu soziosanitarioak edo mugikortasuna
Araba. 2024-10-14 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat aurkeztu du datorren asteazkeneko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Mozio horren bidez, Arabako Errioxa eskualderako plan estrategiko integral bat proposatu du.
EH Bilduk proposatutako planak mahastizaintza aintzat hartuko luke, baina Arabako Errioxan bizi eta lan egiten duten pertsonen bizi-kalitatean eragin zuzena duten esparru guztiak hartuko lituzke.
Mozioak Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio, gainerako erakundeekin batera, Arabako Errioxarako Plan Integral bat martxan jar dezala, 2025eko otsaila baino lehen, eskualdeko eragile sozioekonomiko guztien parte-hartzea bermatuz, neurri zehatzak ezartzeko, besteak beste, lehen sektorean, etxebizitza, turismoan, zerbitzu soziosanitarioetan edota mugikortasunean.
Gainera, mozioak Aldundiari eskatzen dio zuzenean babes ditzala upategi txikiak eta familiarrak Arabako ardoak bereiztearen aldeko ekimen berriak abian jartzea erabakitzen dutenean, eta upategi txikien eta familiarren bideragarritasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren neurri ekonomiko guztiak premiaz ezar ditzan, Arabako Errioxan ardoaren kulturaren errentagarritasuna bermatzeko neurri gisa.
Horrekin batera, mahatsa erosten duten enpresei zuzendutako laguntzak egokitzeko eskatu diote Aldundiari, inplikatutako eragile guztiek elikagai-katearen legea bete dezaten bultzatuz eta bermatuz.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramailea ziur agertu da horrelako plan batek Arabako Errioxan bizi eta lan egiten duten pertsonei aukerak ematen lagunduko duela: «Arabako Errioxan bizitzeko eta lan egiteko aukerak biderkatu nahi ditugu, neurri zehatzen bitartez mahastizaintza eta ardogintza sektoreari segurtasuna emateko eta pertsona gazteenek beren bizitza proiektua eskualdean bertan eraiki ahal izateko».