AKTUALITATEA


| 2025-09-19 10:20:00

Arabako 25 kontzejutik gora etorkizuneko planak diseinatu ahal izango dituzte EH Bilduren ekimenari esker. 2025 honetarako egokitu den laguntza-lerro berritzaile honetan parte hartu nahi izan duten kontzejuen kopurua da, eta beste bi urtez luzatuko da. Hala, lehenengo fasean, Arabako Foru Aldundiak plan horiek egiteko behar den aholkularitza ordainduko du. Bigarren fasean, hiru ekitaldietarako adostu den 1,2 milioi euroko partidari esker, bertan jasotako neurriak finantzatuko dira.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak azaldu duenez, lehen aldia da kontzejuek plan horiek epe ertainean egiteko aukera dutela. "EH Bildutik beti defendatu dugu herriei autonomia emateko beharra. Hemendik aurrera, herri bakoitzak erabaki ahal izango du zein lan-ildok izan behar duten lehentasuna, bere premien, gabezien edo nahien arabera. Garraio-zerbitzuak, hezkuntza, etxebizitza, zerbitzu soziosanitarioak, aisia eta kultura, gazteria...  behar horiek eta beste batzuk hobetu nahi ditugu plan hauei esker ", azaldu du López de Arroyabek.

EH Bildurentzat, beharrezkoa da foru politikak berbideratzea lurralde kohesioaren eta lurralde orekaren arloan. Hori dela eta, Arabako herriak biziberritzeko EH Bilduren Abagune planean egindako lanaren ondorioz, eskualde eta herri bakoitzak bere errealitatea duela ikusi zen, eta, beraz, plan espezifikoak behar direla ondorioztatu zen.

Javier Argote EH Bilduko prokuradoreak gogorarazi duenez, herrietan beharrezkoa da etxebizitzaren arloan eta lan-jarduerak garatzeko espazioetan esku hartzea. Helburua da behar horiei erantzutea eta beste eremu batzuetako jarduerak eta hobekuntzak proposatzea, hala nola kulturakoak, ingurumenekoak, sozialak edo ekonomikoak.
Lehenengo deialdi honetan, beraz, 25 kontzeju baino gehiago izango dira norabide horretan urratsak emango dituztenak.

Azpimarratzekoa da kontzeju gehien eskatu duten kuadrillak Añana, 10 eskaerarekin, eta  Mendialdea, 7 eskaerarekin, izan direla. Ez da, izan ere, despopulazioak gehien eragiten baitu bietan, horrek erakusten du beharra badagoela eta horrelako ekimenak beharrezkoak direla.