AKTUALITATEA


| 2023-01-19 09:55:00

EH Bildu Arabak Trantsizio Komunitarioko Bulego ibiltari eta iraunkor bat sortzea proposatu du, tokiko erakundeei eta partikularrei energia berriztagarriaren arloan aholkularitza zerbitzua emateko, bereziki energia komunitateak martxan jartzeari dagokionez. Horrela, EH Bilduk erantzun bat eman nahi die instalazio horiek martxan jartzean sortzen diren etengabeko arazo eta zalantzei.

Arabako EH Bilduk proposatu du Arabako Foru Aldundiak bere gain hartzea proiektu hori, lurralde historikoko kuadrillekin lankidetzan. Izan ere, Gorbeialdeko Kuadrillak dagoeneko adierazi du proiektu honetan parte hartzeko eta bultzatzeko interesa. Gainera, joan den urrian, Next Generation EU funts europarren esparruan, Trantsizio Komunitarioko Bulegoei laguntzak emateko deialdia onartu zen, komunitate energetikoak sustatu eta dinamizatzeko.

Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak laguntza horiek sortzea planteatu du, energia komunitateak zabaltzeko, prozesuan laguntzeko eta aholkularitza eskaintzekio. Itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, aurrekontuaren %80 aurreratzen da eta 100.000 euroko gutxieneko zenbatekoa dute.

EH Bilduk ezinbestekotzat jo du laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa eskaintzea proiektu horiek modu eraginkorrean bultzatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Europako laguntzen esparruan, honako hauek proposatzen dira: sustapen- eta dinamizazio-programak abian jartzea, prestakuntza-ikastaroak eskaintzea, laguntza teknikoa ematea, bai komunitateak dinamizatzea eta ahalduntzea, prozesu parte-hartzaileak abian jartzeko, bai eta proiektu zehatzak bultzatzeari lotutako aholkularitza teknikoak eskaintzea ere.


Administrazioen arteko lankidetza da laguntza horiek ematerakoan kontuan hartuko den gaietako bat. Horregatik, EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari dei egiten dio lurraldeko kuadrilla guztiekin eta Trebiñurekin lankidetzan proiektu bat egin dezan, Arabako landa-eremuan instalazio horiek bizkortu eta bultzatzeko.