AKTUALITATEA


| 2025-11-27 11:31:00

Aurrekontu proiektuaren gabeziei aurre egiteko asmoz, EH Bilduk bere proposamenak helarazi dizkio Foru Gobernuari: 14 neurri funtsezko sei erronkaren inguruan

Araba. 2025-11-27. 2026rako aurrekontuak negoziatzeko proposamenak helarazi dizkio EH Bilduk Foru Gobernuari. EAJk eta PSEk onartutako aurrekontu proiektuaren nondik norakoak ezagutu ondoren, "proiektu argirik ez duen gobernu baten gabezia garrantzitsuak" antzeman ditu EH Bilduk. Horregatik, zuzenketen prozesu honen bidez, iaz abian jarritako politiketan sakondu nahi du, foru gobernuaren politikak norabidetuz. Guztira 14 neurri, herrialdean funtsezkoak diren sei erronkaren inguruan: etxebizitza, zaintzak, industria, trantsizio ekosoziala, lurralde-oreka eta balioen borroka.

"EH Bildu prest dago eta egongo da lanean jarraitzeko Arabak aurrera egin dezan eta iaz hasitako bidean sakontzeko. Horretarako, herrialdeko erronka nagusiak identifikatu ditugu, eta datozen egunetan Arabako herritarrentzako akordiorik onena lortzea espero dugu. Eta aurrekoan aipatu genuen bezala denak ez du balio. EAJk eta PSEk ezin dute normalizatu PP. Gure eskua luzatuta dago. Orain gobernuak erabaki behar du: edo atzera egin PPren eskutik, edo aurrera egin EH Bilduren eskutik", nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak.

Etxebizitzari dagokionez, EH Bilduk Araba(n) Bizi Bedi programaren bidez etxebizitza sozialak eta gazteentzako etxebizitzak sustatzeko udalerrientzako finantzazio lerroa hobetzea eta handitzea proposatu du. "Baina, horrez gain, Arabako Foru Aldundiak badu etxebizitzaren merkatuan eragiteko tresna eraginkor bat. Fiskalitateaz ari gara. Horregatik, etxebizitzen salmentan espekulazioa geldiarazteko eta etxebizitzaren alokairuan gehiegizko errentak saihesteko neurriak martxan jartzea ere proposatzen dugu", gaineratu du Lopez de Arroyabek.

Gizarte Politiketan, aurrekontua guztizkoaren ia % 52 den arren, pribatizazioa gero eta handiagoa da. Horregatik proposatu du EH Bilduk zaintza zerbitzuak ematean irabazi-asmoa ezabatzeko neurriak martxan jartzea. Gainera, Kanpezun egoitza publiko bat martxan jarriko den konpromisoaren ondoren, EH Bilduk Arabako kuadrilla guztietan egoitza-baliabide publikoak sortzeko aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du. "Azkenik, urtea amaitzen ari den honetan, eta egoitza pribatuen lehen hitzarmena sinatzeko oraindik akordiorik lortu ez denez, Foru Gobernuak ahaleginak areagotu behar ditu dagoeneko urte gehiegi luzatzen ari den egoera hau behin betiko konpontzeko", nabarmendu du EH Bildu Batzarkide Taldeko bozeramaileak.

Industria arloan, EH Bilduk Aiaraldea berrindustrializatzea eta deskarbonizatzea ahalbidetuko duen plan espezifiko bat abian jartzearen alde egin du, bi lan-ildo nagusirekin: bata, industrialdeak berritzeko, eta, bestea, deslokalizazioa saihestuko duen eta industria-proiektu berriak sustatzea ahalbidetuko duen funts bat sortuz.

Aurrekontu horietan sartzen den laugarren ardatza trantsizio ekosozialarena da. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan milioi bat euro baino gehiagoko murrizketaren aurrean, EH Bilduk Arabako deskarbonizaziorako plan estrategiko bat eta toki entitateei bide horretan aurrera egiten lagunduko dien finantzazio lerro bat proposatu ditu. Gainera, mugikortasunari dagokionez, 15 urtetik beherakoentzako AlavaBus txartela doakoa izatea proposatzen du. Lehen sektorean nabarmentzekoak dira sektorea birmoldatzeko proiektuak martxan jartzea eta lurra kudeatzeko agentzia bat.

Udal finantzazioari dagokionez, iaz azken hamarkadan izan den igoerarik handiena lortu ondoren, orain jauzi egiteko eta udalei finantza-autosufizientzia handiagoa eta hobea bermatzeko unea da, jasotzen duten esleipen finkoa handituz.

"Azkenik, borroka kulturala eta balio demokratikoen defentsa deitu dugun blokean, beldurtu egiten gaitu ultraeskuina eta muturreko eskuina berdintasunaren arloko edozein aurrerapen ezabatu nahian ari diren une honetan Aldundiak politika feministen alde ez egiteak. Ez dakigu indarkeria matxistaren egiturazko existentzia zalantzan jartzen duen PP horri egindako keinua den, baina ez da onargarria, EAJren eta PSEren gobernuak proposatzen digun bezala, berdintasunera bideratutako programa 92.000 eurotan murriztea. EH Bildutik politika feministak zeharka gauzatzearen aldeko apustua egiten dugu, eta horregatik gobernuari politika horiek martxan jartzeko zuzendaritza propioa sortzea planteatu nahi diogu, eta, logikoa denez, esleipena handitzea", esan du Lopez de Arroyabek.