AKTUALITATEA


| 2024-04-26 07:16:00

Urduñako hirugarren adinekoen egoitzara joanez gero, ingurune hurbilarekiko haustura saihestuko litzatekeela uste du EH Bilduk

Amurrio. 2024-04-26 | Amurrioko EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran eztabaidatzeko, Amurrioko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari eskatuz Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera lan egiteko, Amurrion erroldatuta dauden pertsonak Urduñako erresidentziako plaza publikoak eskuratu ahal izan ditzaten.

Atzoko osoko bilkuran EH Bilduren mozioa aurrera atera da EAJren aldeko bozkarekin eta PSEren aurkakoarekin. Nahiz eta adostasun erabatekorik ez zen egon, Amurrioko EH Bilduren iritziz, «berri ona da, aurrerapausoak emango direlako». Gainera, EH Bilduk uste du akordio honen bitartez Arrastariako biztanleen bizitza asko hobetuko dela.

Urduñan kokatuta dagoen egoitza publikoak 55 plaza ditu. Horietatik, 45 Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartuta daude, eta gainontzekoak pribatuak dira. EH Bilduk azaldu duen bezala, Urduña Bizkaia izanda, bertan dagoen egoitza publikoko plazak eskuratzeko Bizkaian erroldatuta egon behar dira erabiltzaileak. Urduñaren kokapena eta tamaina kontuan izanda, Arabako herriz inguratuta, egoitzak dituen plaza publiko guztiak betetzea ezinezkoa da. Hala ere, Arrastariako (Delika, Tertanga, Aloria, Artomaña eta Lekamaña) adinekoek, Urduñatik oso gertu bizi arren, ezin dute bertan plazarik lortu, eta haien etxeetatik oso urrun dauden Amurrio, Laudio edo Gasteizko egoitzetara joan behar dira.

Elkarlana

Mozio bera onartu zuen Urduñako osoko bilkurak martxoan, eta  orain bi udalek mozioak jasotakoa betetzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute. Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiei emango zaie onartutakoaren berri, haien artean hitzarmena adosteko.

EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan ere mozio hau berau erregistratu zuen, maila instituzional guztietan gaiari irtenbidea emateko. «Arrastariako biztanleek urteak daramatzate gai honi buruzko konponbideak eskatzen, ikusita Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek hau ahaztuta zutela, gaia berrartu dugu, oraingoan bai, hitzarmen hau egin dezaten», adierazi du EH Bilduk.