AKTUALITATEA


| 2025-06-09 10:28:00

EH Bilduk Foru Gobernuarekin adostutako partidetako bat da, 532.000 eurokoa, eta zaintzak ingurune hurbilean jasotzea ahalbidetuko du, herritik ateratzeko beharrik gabe

Araba. 2025-06-09 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak gaur iragarri duenez, aurki jarriko da abian Arabako landa-eremuko etxebizitza komunitarioetan gaueko zerbitzua emateko hitzarmena. Araiako etxebizitza komunitarioan iragarri dute neurria Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak eta Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak, Amurrioko eta Laguardiako EH Bilduren zinegotziek lagunduta. EH Bilduren eta Foru Gobernuaren arteko aurrekontu akordioan jasota zegoen hitzarmen garrantzitsu hori, 532.000 euroko balioarekin.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak neurria martxan jarri izana txalotu du, zaintzak eremu hurbilean jasotzea ahalbidetuko duelako: «Esan genuen aurrekontu akordioa iragarri genuenean, eta berriz diogu: kalitatezko zaintzak herrian bertan jasotzea da EH Bilduren lehentasunetako bat, eta urrats bat gehiago da hau bide horretan. Herrietatik bertatik ematen den arreta balioetsi nahi dugu, pertsonen ingurune hurbilari eustea oinarrizkoa delako egoera zaurgarrietan».

Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak iragarri duenez, abuztuan jarriko da abian gaueko zerbitzua Araiako etxebizitza komunitarioan. Etxebizitza horrek 27 urte bete ditu, eta Arabako landa-eremuko lehenetakoa da. «Ibilbide horretan, beharrak eta hobekuntzak antzeman ahal izan ditugu funtzionamenduan. Gaur, gaueko arretari buruz ari gara. Hasiera batean ez zen beharrezkotzat jotzen, baina urteek aurrera egin ahala erakutsi digute arreta hori funtsezkoa dela bertan bizi diren pertsonentzat, eman diren eta gerta daitezkeen egoera pertsonalengatik», esan du Auzmendik.

Araiako etxebizitza komunitarioak 11 plaza ditu, eta beste bat dago esleitzeko prozeduran. «Aurrekontu akordioaren ondorioz gaur iragartzen ari garen gaueko arreta hori abuztuan hasiko da, eta hobekuntza eta lasaitasun sakona ekarriko die bertan bizi diren pertsonei eta haien familiei».

Gaur egun, Araban bost etxebizitza komunitario daude daude Amurrion, Asparrenan, Espejon, Kanpezun eta Laguardian. Amurrioko eta Laguardiakoak zerbitzu garrantzitsu hori ematen ari dira dagoeneko, eta akordio honi esker Foru Aldundiaren finantzazioa izango dute hemendik aurrera. Espejoko eta Kanpezuko etxebizitzei dagokienez, Lopez de Arroyabek esan du espero dutela lehenbailehen errealitate bihurtzea. «Une hori iristen den bitartean, finantziazio handiagoa izango dute gertuko eta kalitatezko zaintzak eskaini ahal izateko », esan du Eva Lopez de Arroyabek.