Altsasu eta Miranda lotzen dituen Araba Erdialdeko korridorean 24 geraleku izango dituen tren sozial bat sortzearen aldeko apustua egin du EH Bilduk, korridore horretan dauden herriguneei zein industrialdeei zerbitzua emango diena. “Orain, inoiz baino gehiago, garraiobideen deskarbonizazioa premia larria denean, garraio publiko elektrifikatuaren aldeko apustu estrategikoa egitea behar-beharrezkoa denean, urrats sendoak eman behar dira Araba Erdialdeko korridorerako aldiriko tren sozial bat martxan jartzeko” nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabe Arabako Ahaldun Nagusirako hautagaiak. Harekin batera izan dira korridoreko EH Bilduko alkategaiak eta Unai Fdez de Betoño Gasteizko alkateorde izateko hautagaia.
Gasteizko hiriburuaren kasuan, hiriak azken hamarkadetan izandako hedadurak eta Salburua eta Zabalgana auzoetan gero eta biztanle gehiago izateak tren-planteamendu berri bat eskatzen dute hirirako. Horregatik, EH Bilduk bi auzoetan trenbideak lurperatzearen eta bertan bizi diren milaka pertsonei zerbitzua emango dieten bi geltoki berri sortzearen aldeko apustua egin du, hiriko barne mugikortasuna murriztuz. Gure ustez, etorkizuneko mugikortasunak trenbidearen bultzada estrategikoa behar du, eta Gasteiz ere aitzindaria izan behar da eremu horretan, Fdez de Betoñok gaineratu duenez.
EH Bilduk, gainera, linea horren kudeaketa Euskotrenen esku geratzea eta zerbitzu hori martxan jartzeko ardura euskal operadoreak hartzea eskatu du. “Guk argi daukagu: Iruñearekin egiten den edozein konexio Gasteiztik egin behar da, egungo trenbide-korridorea aprobetxatuz. Egia esan, gero eta ahots gehiagok jartzen dituzte zalantzan abiadura handiko trenbide-proiektu berriak. Gure trenbide-sarea birplanteatzeko ordua iritsi dela uste dugu, egungo trenbide-azpiegiturak modernizatzearen aldeko apustu irmoa egiteko, bidaiarien eta salgaien benetako beharrei irtenbidea emanez, helmugen arteko denborak hobetuz eta lurraldeen arteko kohesioa eta egituraketa erraztuz”, Lopez de Arroyabek nabarmendu duenez.