AKTUALITATEA


| 2024-07-02 10:25:00

EH Bilduren ustez, «EAJk eta PSEk egiten duten gobernantza itxiaren beste kapitulu bat da hau, nahiz eta EAJk etengabe iragarri duen gizartearekin konektatu nahi duela»

Araba. 02-07-2024 | Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezek biharko osoko bilkuran Osakidetzako udako murrizketei buruz aurreikusitako galdera batzuk atzeratzea eskatu du. EH Bildu Araba batzarkide taldeak egin zituen galderak joan den ekainaren 4an, eta datorren urrira arte ez dute erantzunik izango. Urrian izango  da kontrolerako hurrengo osoko bilkura, beraz, lau hilabeteko atzerapenez jasoko dira galdera horien erantzunak.

Sare sozialetan zabaldutako bideo batean, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak praktika horiek deitoratu ditu: «Atzerapen horren ondorioz, Arabako herritarrek ez dituzte Ahaldun Nagusiaren azalpenak entzungo murrizketak jasan arte, ardurari ihes egiten saiatzeko maniobra batean», adierazi du.

Datuen arabera, Arabako 17 anbulatoriok "ordutegi-aldaketak" izango dituzte udan, eta horietako batzuk erabat itxiko dira. Plangintza horrek, oraingoz, Arabako Artziniegako eta Luiaondoko kontsultategiak ixtea aurreikusten du. Gainera, dagoeneko hasi dira kalteak, hala nola Mañuetako kontsultategian, Arabako Errioxan.

Murrizketa horien aurrean, EH Bilduk hainbat galdera egin zituen. «Ahaldun nagusiari galdetu nahi genion zer iritzi zuen murrizketa horiei buruz, eta, batez ere, jakin nahi genuen ea Osakidetzako arduradunen batekin bildu zen Arabako gizartearen osasunerako eskubidea defendatzeko, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako aurreko Osasun arduradunak iragarritako "aldaketa kulturalaren" aurrean», adierazi du bozeramaileak. Lopez de Arroyabek Bastidako mobilizazioak gogoratu ditu, adibidez, udako errefortzu medikoaren murrizketa salatuz.

«EAJk eta PSEk osatutako gobernuaren ezaugarria da gobernantza itxia, eta gobernantza horren beste kapitulu bat da hau. Ez dakigu non dagoen  hainbeste aipatzen duten entzute aktiboa eta EAJk iragarri zuen gizartearekiko lotura berreskuratzeko asmoa. EH Bildutik ez diogu lan egiteari utziko Arabako pertsona guztien eskubide guztiak bermatuak izan daitezen», esan du Eva Lopez de Arroyabek.