AKTUALITATEA


| 2025-04-08 08:06:00

"Agurainen bizitzeko etxebizitza eskubidea” hitzaldia emango da bihar 19:00etan Aguraingo Udaletxean. Jardunaldi horretan udalerriko alkate Raúl Lopez de Uraldek parte hartuko du, eta bertan zehaztuko du zein den udalerriko etxebizitzaren egoera eta udal gobernuak arlo horretan dituen erronkak.

Gaur egun, Udalak dagoeneko martxan jarri du etxebizitza-eskatzaileen erregistro bat, egoera gertutik ezagutzeko eta etxebizitza publikoaren esleipena arautzeko balioko duena. Izan ere, egun horretan Bustamante eraikinaren birgaitze proiektuaren egoera aurreratuko da. Dagoeneko proiektuaren dokumentua amaituta dago, eta Bustamante jauregian alokairu sozialeko 13 etxebizitza sortzeko aukera emango du. Alberola arkitektura-estudioak, proiektuaren egileak, proiektuaren xehetasunak emango ditu. Hurrengo urratsa eraikina birgaitzeko obrak esleitzea izango da, uda baino lehen egingo den urratsa.

Horrez gain, Kale Nagusian beste hiru eraikin erostea aurreikusten du Agurainek, beste 10 etxebizitza sozial eraikitzeko. Bi proiektu horietaz gain, Visesarekin elkarlanean abian jarriko dena dago, Harresin alokairu sozialeko beste 56 etxebizitza eraikitzeko.

Azkenik, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak parte hartuko du jardunaldian, izan ere, gazteentzako Agurainen lantzen ari denaren antzeko proiektu arrakastatsu bat dute Galdakaon eta esperientzia horren xehetasunen berri izateko aukera paregabea izango da. Raúl López de Uralde, Aguraingo alkateak adierazi duenez “Galdakaoko gazteentzako proiektua ezagutzea oso ariketa interesgarria izango da Agurainen egin beharreko ibilbidea erraztuko baitigu”.