Ubalza eguzki-planta fotovoltaikoaren proiektuari alegazioak aurkezteko epea zabaldik dago eta Aguraingo Udalak alegazio-txosten bat aurkeztu du. Beran enpresari oinarrizko bi gai aldatzeko eskatzen zaio: batetik, planta ez dadila eraiki Egileor eta Alaitzako herriguneetatik 500 metro baino gutxiagora, eta, bestetik, proiektutik kanpo utz daitezela balio estrategiko handiko nekazaritza-lurren 15 hektareak.
Alegazioak arkitekto aholkulariak egindako txosten batean oinarritu dira eta horren arabera, hiru lursail Egileor herritik 400 metro baino gutxiagora daude, eta laugarren partzela bat Alaitza herritik 250 metro baino gutxiagora dago. Hala ere, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak, hasierako onarpenean, ezartzen du horrelako proiektuek, gutxienez, biztanle-guneetatik 500 metrora egon behar dutela.
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak berak ezartzen du, halaber, 10 hektarea baino gehiago eta 5MW-tik gorako potentzia instalatuta dituzten instalazio fotovoltaikoak baztertu egin behar direla balio estrategiko handiko lursailetatik. Eta kasu honetan, proiektuak hartzen dituen 54 hektareetatik 15 balio estrategiko handiko nekazaritza- eta abeltzaintza-eremu gisa sailkatuta daude.