AKTUALITATEA


| 2022-09-20 11:28:00

Araba. 2022-09-20 | Arabako politika orokorreko osoko bilkuraren bigarren saioan, EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok Ahaldun Nagusiari erantzuteko aukera izan du gaur, eta bi lehentasun nagusi nabarmendu ditu: ongizate publikoaren sistema indartzea, herritar guztiek oinarrizko eskubideak eskura izatea bermatuz, eta aberastasunaren bidezko banaketa, erreforma fiskal baten bidez.

Bere hitzaldian, Fernandez de Pinedok hainbat eskubideren murrizketa salatu du, hala nola, osasunarena, hezkuntzarena, etxebizitzarena edo energiarena. Horregatik, gizarte-politiketako, nekazaritzako, ingurumeneko eta lurralde-orekako sailek ongizatea bermatzeko ahaleginak areagotu beharko lituzketela uste du: «Datozen hilabeteak erabakigarriak izan daitezke arabarren ongizatea bermatzeko. Ez ditzagun alferrik galdu».

Erreforma fiskalari dagokionez, Fernandez de Pinedok gogorarazi du Araba presio fiskal txikiena duten lurraldeen artean dagoela, eta deitoratu du enpresa handien ekarpena ez dela % 5era iristen, eta herritarrak direla gehien ordaintzen dutenak. «Ez da bidezkoa herritarrak gero eta gehiago estutzea, gutxiengo bat egunero gehiago aberasten den bitartean», esan du bozeramaileak.

Kike Fernandez de Pinedok aipatu du bi gai handi horiek 2023ko aurrekontuetan islatu beharko liratekeela, eta lan horiek egiteko elkarlanerako prest agertu da. «Gobernuak elkarlanerako borondatea erakusten badu eta legegintzaldi osoan erakutsi duen itxikeria eta aldebakartasuna alde batera uzten baditu, ez dago zalantzarik EH Bildu hor egongo dela. Hori izan da gure jarrera legealdi osoan», esan du.

Legealdi hutsala

Gaurkoa legegintzaldiko politika orokorreko azken osoko bilkura zen, eta, horregatik, Foru Gobernuaren jardunaren balantzea egin nahi izan du Fernandez de Pinedok. Bozeramaileak gogora ekarri ditu Ahaldun Nagusiak modu «errinbombantean» iragarritako hainbat proiektu, gerora ezerezean geratu direnak.

Era berean, azpimarratu du ez direla lurralde honen erronka nagusiak jorratu, hala nola deskarbonizazioa, digitalizazioa, birmoldaketa sozioekonomikoa edo lurralde-oreka. EH Bildurentzat legealdi galdua izan da lurralde honen bilakaera markatuko duten gaien inguruko akordioak lortzeko bidean.

EH Bilduko bozeramaileak lurraldearen deskarbonizazioa azpimarratu du, eta energia eraginkortasunaren, kontsumo murrizketaren eta energia berriztagarrien hedapenaren arloetan aurrera egitea ezinbestekoa dela gogorarazi du. Azken puntu horri dagokionez, Fernandez de Pinedok esan du EH Bildu elkarlanerako prest dagoela gai horretan, eta EAJ energia horien alde jarri izana ospatu du, fracking-aren aldeko apustua alde batera utzita. «EH Bildu beti egon den lekuan dago. Gure apustua argia da, eta askotan entzun duzue ganbera honetan: energia berriztagarrien eta gure lurraldearen deskarbonizazioaren aldeko apustu irmoa, plangintzarekin, akordio zabalekin, biodibertsitatea eta ingurumena zainduz eta energiaren sorrera eta kontsumoa demokratizatzearen aldeko apustua eginez», gogorarazi du. Gogora ekarri du EH Bilduk duela urte eta erdi Araba Zero Karbono plana aurkeztu zuela Araba deskarbonizatzeko, eta ez dutela erantzunik jaso.

Ildo horretan, adierazi du EH Bilduk hainbat proposamen jarri dituela mahai gainean: Araba Zero Karbono lurraldea deskarbonizatzeko planaz gain, BiziOn planak politika sozialen hainbat arlotarako, Ernaberri Aiaraldeko ekonomia suspertzeko, Uztaraba nekazaritzako elikagaien plana… Halaber, gogorarazi du EH Bildu Araba izan zela Europako funtsetarako bigarren belaunaldiko baterien gigafaktoria proposatu zuen lehen taldea.

Kike Fernandez de Pinedok berretsi du legealdi hutsala izan dela, eta nabarmendu du Arabak dituen erronka handiei aurre egiteko proiektu berriak, gehiengo berriak eta lidergo berriak behar direla.