AKTUALITATEA


| 2020-03-25 18:11:00

EH Bildu Amurriok proposatu du Tokiko Gobernu Batzordea krisi-kabinete bihurtzea, guztion artean aurre egin ahal izateko koronabirusak sortutako krisi soziosanitarioak udalerrian eragiten ari diren ondorioei. Hala jasotzen da eh Bilduk Amurrion gaur goizean bertan erregistratu duen eskaera batean. Eskaera, ordea, ez da berria, eta joan den martxoaren 10etik EH Bildu prest agertu zen gobernu-taldeak planteatutako mekanikan gehiago inplikatzeko, egoera hori modu eraginkorragoan kudeatu ahal izateko. "Guztion ardura da arazo hau konpontzea", nabarmendu du Irune Iturbe EH Bilduko Amurrioko zinegotziak.

 

EH Bildu Amurriok uste du gobernantza onak gardentasuna eta informazioa eskatzen dituela. "Egoera berezi honen aurrean, zinegotzi gisa egiten dugun lana eredugarria eta, batez ere, arduratsua izan behar dela uste dugu. Horregatik eskatu diogu gobernu-taldeari hemendik aurrera tokiko gobernu-batzarra Krisi Kabinete bihur dadila, horrela, krisi honen ondorioak arintzeko gure esku dauden neurri politiko guztiak hartu ahal izateko. Era berean, gustatuko litzaiguke udaleko larrialdietarako mahaian parte hartu ahal izatea, ideiak eman ahal izateko, gure udalerrian gertatzen ari dena lehen eskutik ezagutuz. EH Bildutik ziur gaude: guztion artean lortuko dugu ", berretsi du Iturbek.

 

Ildo horretan, EH Bildu Amurrio herritarren eta Amurrioko Udalaren esku jarraitzen duela eta jarraituko duela, eta EH Bilduren egiturak krisi honi ahalik eta ondoen heltzeko lanean jarraitzen duela nabarmendu du.