Amurrio. 2021-05-14. EH Bildu Amurriok proposamen bat erregistratu du udalerriari eman nahi zaion Udaltzaingoaren ereduari buruz eztabaidatzeko. Amurriok Udaltzaingoko 14 agente ditu, baina ez du gorputzaren funtzionamendua arautzen duten irizpideak ezartzen dituen ordenantza edota erregelamendurik. Horregatik, EH Bilduk mozio bat erregistratu du, eta, mozio horretan, alde batetik, araudi bat egitea eta, bestetik, Herritarren Segurtasunerako arlo bat sortzea planteatzen du.
Berariazko arlo hori gainerako batzordeek duten maiztasun berarekin deituko litzateke eta udaltzaingoaren arduradunak parte hartuko luke. Era berean, parte hartzeko gune bat sortu nahi da, gizarte-eragileek eta erakundeek arrisku-egoerak antzemateko eta prebentzio-jarduerak diseinatzeko asmoz. Parte hartzeko foro honen helburuak dira arazoak identifikatzea, lehentasunak zehaztea eta ezarritako udal politiken eraginkortasuna aldian-aldian ebaluatzea.
Proposamen-multzo horren helburua da “hurbiltasuneko” polizia-eredu berri baterantz aurrera egitea. EH Bilduren ustez, eredu hori, hurbilekoa izateaz gain, aurrea hartzean eta prebentzioan oinarritu behar da, hartara zigortzeko esku-hartzeak eta isunak murrizteko. “Bizikidetza harmonikoa bilatu behar dugu, hain funtsezkoa den zerbitzu batekin. Horretarako, bizilagunek egoeraren diagnostikoan, jardueren diseinuan eta haien eraginkortasunaren ebaluazioan parte hartzeko prozesua ireki behar dugu. Helburua da herritarrekin batera lan egitea, entzunez, informatuz, heziz, konbentzituz eta, azken batean, hurbileko eta auzotarrentzako udaltzain-eredu bat lagunduz”, zehaztu du EH Bilduren Amurrioko bozeramaileak, Iñaki Ibarluzeak.
Horretarako, EH Bilduren ustez, Udaltzaingoak herritarren iritzia eta gogobetetze-maila ezagutu behar ditu. “Elkarreragin eta lankidetza horretatik guztiok erosoago egongo garen harreman bat sortuko da”, gaineratu du Ibarluzeak.