AKTUALITATEA

| 2024-01-29

Artaxoako Ecofert Sansoain enpresara Zubietako erraustegitik bidalitako hondakin kutsatuen inguruan informazioa eskatuko du EH Bilduk tartean dauden hiru instituzioetan: Nafarroako Parlamentuan, Eusko Legebiltzarrean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Nafarroako Gobernutik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik azalpenak eman ziren aurreko astean, baina bertsio kontrajarriak eman zituzten, erruduntasunak batak bestearen teilatuan utziz. Eusko Jaurlaritzak, ordea, oraindik ez du azalpenik eman, Zubietatik ateratzen diren hondakinen kontrola berea bada ere.

Eta horretara, Nafarroako Parlamentuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaian zerikusia duten arduradunen agerraldiak eskatu dira, azalpenak eman ditzaten. Legebiltzarrean, berriz, orain arte egin diren informazio eskaera eta galderez gain, otsailak 2ko kontrol plenoan Lehendakariari zuzenean galdetuko diogu gai buruz eta Tapia sailburuaren premiazko agerraldia eskatuko dugu Jaurlaritzaren papela argitu dezan.

EH Bilduk Ecofert Sansoain enpresaren itxierarekin bukatu den auzi honen larritasuna azpimarratu du. Izan ere, hondakin kutsagarrien inguruko gai honek ondorio oso larriak izan ditzake herritarrengan. Gainera, gai honen inguruan dagoen kontrol falta agerian utzi du Zubietatik Nafarroara heldu diren hondakin “ekotoxikoen” auziak.

EH Bilduren ustez, oso garrantzitsua da benetan gertatu den guztiaren inguruko informazio zuzena eta koherentea lortzea, orain arte egindako adierazpenek kontrakoa erakutsi baitute. Behin informazio guztia argitu eta gero, dagokion agenteei erantzukizun politikoak eskatuko dizkiela aurreratu du ezkerreko indar subiranisttak. Ez baita zilegi hondakin kudeaketa kaskar honen ondorioak herritarrek pairatu behar izatea. Herritarrek instituzioekiko konfiantza berreskuratu behar dute, eta orain arte gertatu eta azaldutakoak ez du laguntzen konfiantza hori berreskuratzen.