AKTUALITATEA

| 2025-01-28

Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren buruak hitzaldia eskaini du, gaur goizean, Forum Europa-Tribuna Euskadi foroan, eta bertan ziurtatu du, iragarpen okerrenak bete ostean, Donald Trump AEBetako presidentea dela eta internazional erreakzionarioaren buru dela, plutokrazia teknologikoaren eskutik. Zentzu horretan, europar Batasuneko sektore batzuen itxaropenak kolokan jarri direla esan du, balizko administrazio demokrata batekin europar proiektua berriz martxan jartzeko aukera ikusten baitzuten.

Aurrekontuen eztabaidan agerian geratu ziren aurreikuspen makroekonomiko jada zalantzatiez gain, diskurtso instituzional autokonplazienteak entzuten dira, Otxandianok «plazebo politika» gisa kalifikatu dituenak. Horren aurrean, erradikalki errealistak izatea proposatu du, zintzotasuna izanik funtsezko elementua herri honek -tamalez, estatu ez dena- egungo testuinguruan benetan eragiteko duen gaitasuna zein den onartzerako orduan. Beraz, «egoerarik txarrenean herri honen onena ateratzen saiatu gaitezen» eskatu du.

Kontratu sozialak huts egin duela eta urteetako politika neoliberalek ondorio larriak eragin dituztela argi izanik, gero eta ahots gehiago dira paradigma berri bat eskatzen dutenak. Otxandianok zaila ikusten du hori gaur egun, baldintzak ez baitira betetzen. EAJk eta PSEk aurkeztutako itun fiskalak erakusten duen jarraikortasuna jarri du adibide gisa. Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren buruaren iritziz, proposamen horrek diru-bilketa murrizten du, 2008an egindako akatsak berresten ditu, Madrilgo ereduarekin antzekotasunak ditu eta huts egindako politika publikoen zuloak estaltzea planteatzen du. Finean, EH Bilduk balekotzat ematen ez duen planteamendua egiten du.

Porrot egin duen eredu neoliberalaren alternatiba gisa, «begirada eta energia Euskal Herrian zentratzeko» beharra aldarrikatu du Otxandianok. Ezinbestekoa da tradizio politiko ezberdinen arteko elkargune partekatua, bere iritziz. Herri proiektu honek euskal herriaren nazio aitortzan oinarritu behar du, autogobernu berri batekin, eta politika neoliberalak gainditu. Otxandianok zazpi erronka nagusi proposatu ditu horretarako:

1. Sistema instituzionalaren modernizazioa adimen artifizialen bidez, eraginkortasuna eta efikazia hobetzeko.
2. Hezkuntza eraldatzea eta ezagutza sistema indartzea, ikerketan eta berrikuntzan inbertsioa handituz.
3. Hizkuntza politika berria eta komunikazio sistema nazional baten artikulazioa. Euskara eta zentzu komunitarioa indartzeko funtsezko elementuak.
4. Industria politika ekintzailea. Lankidetza publiko-pribatu orekatu eta arduratsuan oinarritutakokoa.
5. Eremu soziosanitarioaren birdefinizioa. Osasun sistema publikoaren eta zaintza-sistema publiko-komunitario baten arteko sinergiak bilatuz.
6. Etxebizitza politika publiko proaktiboa. Alokairuaren parke publikoa handituz eta merkatuan esku-hartuz.
7. Lurralde plangintza trantsizionalajasangarritasun energetikoan, elikadura-burujabetzan eta klima-aldaketara egokitzean oinarritua.

Aldaketa inkremental txikiek ez dutela balio esanez amaitu du Otxandianok. «Kontzientzia historikoan, zentzu komunitarioan eta epe luzeko ikuspegian oinarritutako eraldaketa sakonak aktibatzeko unea da. Hemen eta orain».