AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-01-31

Pernando Barrena EH Bilduren Europako Parlamentuko ordezkariak Self-Determination Caucusak antolatutako mahainguruan parte hartu du, gaur eguerdian, Bruselan, Europa osotik etorritako herrietako beste hainbat ordezkarirekin batera. Gaurko mahainguruan hainbat adituk autodeterminazio eskubideari buruzko lan akademikoa aurkeztu eta aztertu dute.

Barrenak esan duenez, “Caucuseko kideok ez genuen nahi goi-mailako faktura akademikoa duen lan soil bat enkargatzea; baizik eta Europar Batasunaren egungo ordenamendu juridikoan Autodeterminazio Eskubidearen egikaritzeari bidea irekiko liokeen goi-mailako faktura akademikoa duen lan-tresna bat edukitzea, Autodeterminazio eskubidearen aldeko lan politikoari bidea erakutsi eta erraztuko lukeen tresna eraginkor bat eskuratzea”.

Azaldu duenez, Caucuseko kideok konfabulatu ziren Europaren Etorkizunari  buruzko Konferentzian Autodeterminazio Eskubidea present egon zedin eztabaidetan eta, bide batez, lortu zuten herritarrek gehien bozkatutako aportazioen artean bigarren kokatzea. “Batzar haietan azpimarratu genuen, Autodeterminazio Eskubidearen arautzea integrazio europarraren proiektuari mesede egitea zela, estaturik gabeko nazio europarrek berezkoa dutela europarzaletasuna, eta europar herriek beren etorkizuna libreki eta modu legalean erabaki ahal izatea proiektu europarrak berezkoa duen zutoinetako bat sendotzera datorrela, bakearena”, azpimarratu du.