Eusko Jaurlaritzak ikasturte politikoari hasiera eman dio, pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino osatzeko Herri Ekimen Legegileari babesa eman dioten milaka eta milaka herritar eta pentsionista mespretxatzen dituen erabakia hartuta. Akats larria da, behin eta berriz aipatzen den gobernantza kooperatibo eta parte-hartzailearen aurkakoa, izan ere, hitzetan sarri goraipatzen bada ere, praktikan ez da gauzatzen.
Gobernu Kontseilu batean 145.142 sinadura kolpe batez baztertzeak esan nahi du milaka pentsiodunek, bereziki emakumeek, egunero pairatzen duten prekarietateari bizkar ematea. Horrez gain, Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren mobilizazio eta borroka nekaezina gutxiestea ere bada.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Mikel Torres sailburuari eskatzen diegu erabaki hau berraztertu eta jarrera horren inguruan hausnartu dezaten. Gure herrian baditugu pentsio duinak bermatzeko eta prekarietateari aurre egiteko beharrezko baldintza sozioekonomikoak.
EH Bilduk aldarrikapen horrekin duen konpromiso osoa berresten du, eta etenik gabe lan egingo du Eusko Legebiltzarrean dozenaka mila pentsiodunen ahotsa entzun dadin eta gai hau behar bezala eztabaidatua izan dadin.