AKTUALITATEA

| 2024-02-27

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak bilera egin du, gaur, Bilbon Arnaldo Otegi, Nerea Kortajarena, Inma Garrastatxu, Oihana Etxebarrieta, Unai Urruzuno eta Maddalen Iriarterekin. Eusko Legebiltzarra desegin, apirilaren 21erako hauteskundeetarako deialdi ofiziala egin eta posta bidezko botoa abian jarri den egunean, Otxandianok unea aztertu, aurreikusitako plana partekatu eta hurrengo hilabeteetarako jarduera-ildoak zehaztu nahi izan ditu.

Bileraren ostean egindako adierazpenetan, Otxandianok atzo Arrasaten hildako langilearen eta lan-istripuen biktima guztien senideei eta lagunei mezu bat bidaliz hasi nahi izan du bere hitzartzea. Dagoeneko 16 langile hil dira Euskal Herrian urtea hasi zenetik. "Konpondu beharreko gaitza da". Bestalde, EH Bilduren lehendakarigaiak Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko herritarren arazo nagusietako bati heldu egin dio, etxebizitzari, hain zuzen ere, eta datozen asteetan eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko beharra aipatu du. EH Bilduren lehendakarigaiak, herri agenda aurrerakoi baten inguruko eztabaida politikoaren maila igotzeko deiarekin koherente izanik, uste du etxebizitza eskuratzeak hauteskunde kanpaina honen ardatz nagusia izan behar duela, eta gutxienez bi ikuspuntutatik erantzun behar zaiola. “Etxebizitza eskubide bat da beste ezeren gainetik EH Bildurentzat, eta horrela jaso zen 2015ean Eusko Legebiltzarrean onartu zen legean, EAJk kontra bozkatu zuen lege horretan. Tarte honetan guztian ez da etxebizitza politika publikorik egin. Honen ondorioa da herri gehienetan ez dagoela alkilerreko eskaintza nahikorik, prezioak neurriz kanpo daudela, eta ondorioz, gazteek ezin dute emantzipatu. Europako emantzipazio talde baxuenetarikoa daukagu”.

Lehenengoa, etxebizitza eskubide subjektibo bihurtuko duen politika publikoaren beharra ziurtatuz, eta ez merkantzia edo merkatuko produktu gisa hartuz. Besteak beste, irismen luzeko ikuspegia duen politika publikorik eza izan da gauzen egungo egoera eragin duen elementuetako bat, eta horren erakusle da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa direla Europan emantzipazio-tasa baxuenetako bat duten lurraldeak. Gainera, etxebizitza eskuratzeko ezintasuna milaka euskal gaztek, eta ez hain gazteek, egunero topatzen duten errealitatea da. Egiturazko eta belaunaldien arteko problematika da.

Beharrezkoa den bigarren ikuspegia da legezko eta administrazio aukera propioen potentzial osoa garatzea, eta agerian uztea subiranotasun handiagoa behar dela, ahalik eta subiranotasun handiena, egiturazko eta zeharkako problematika hori kudeatu eta konpondu ahal izateko. Asmo handiko politika publikoak hirugarrenek murriztu edo zuzendu gabe garatu ahal izateko, beharrezkoa da subiranotasuna. “Egoera honek eskatzen du etxebizitza politika proaktiboa, baldintzak aldatuko dituena eta etxebizitza eskubide subjektibo bezala egikarituko duena. Horretarako, tresna juridiko-politiko guztiak beharko ditugu. Burujabetza guztia izatea behar dugu, etxebizitza politika proaktiboa egin ahal izateko”, esan du Otxandianok. Eta bide horretan lehenetsiko du Otxandianok kanpainako ildo programatikoa eta konpromisoak hartzeko ildoa Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarren aurrean.

Bileran parte hartu dute

• Pello Otxandiano, EH Bilduko lehendakarigaia
• Nerea Kortajarena, Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoako zerrendaburua
• Ima Garrastatxu, Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko zerrendaburua
• Oihana Etxebarrieta, EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramailea eta Bizkaiko hautagaia
• Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia
• Unai Urruzuno, politika instituzionaleko arduraduna eta Mahai Politikoaren bozeramailea
• Maddalen Iriarte, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea eta lehendakarigai ohia