Gaur betetzen dira 90 urte Otxandio bonbardatu zutela. Zibilen aurka Euskal Herrian egindako lehen bonbardaketa izan zen, eta 61 hildako eragin zituen. Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak eta Otxandioko herritarrak, bonbardaketa “euskal sena eta Euskal Herriaren izan nahia isilarazteko saiakera kriminala” izan zela azpimarratu du.
Sarraskiaren biktimek Espainiako estatuaren partetik aitortzarik inoiz ez dutela jaso gogoratu du. “Aitzitik, egileek bai jaso dituzte errekonozimenduak”, azpimarratu du Otxandianok. Zentzu horretan, EH Bilduk aste honetan berriro eskatu dio Espainiako Gobernuari Angel Salas Larrazabal hegazkinetako bateko pilotua eta erasoaren arduradun nagusietako bati emandako kondekorazio, domina, sari, ohorezko igoera eta bestelako aitortza ofizial modu ofizialean kentzeko.
Foruak ezabatu zizkigutela 150 urte betetzen direnean eta euskal gizarte zibilaren kontra modu kriminalean egin zela 90 urte betetzen diren honetan, “Euskal Herriaren bizi nahia eta bere burujabetzaren aldarria inoiz baino biziago” daudela azpimarratu du Otxandianok.
Dena dela, ultraeskuina ere “oso bizirik” dagoela esan du Otxandianok. “Datozen hilabeteetan garai ilunak etor daitezke, eta halako egoera bati, halako mehatxu bati, herri gisa egin behar zaio aurre, Euskal Herriaren defentsa eta gizarte justizia jarriz erdigunean”, adierazi du.