AKTUALITATEA

Justizia Soziala | 2025-09-11

Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa idazkaria eta legebiltzarkidea ETB1n elkarrizketatu dute, gaur goizean. Udaran, etxebizitzaren prezioa errekor berrietan ikusi dugula salatu du Kortajarenak eta etxebizitza politiken inguruan aldaketa drastikoak aldarrikatu ditu.

«EAJ eta Alderdi Sozialista aurreko pantailan geratu dira. Urte luzez aritu dira politika inmobiliarioak egiten eta ez etxebizitza bermatzeko politika publikoak. Orain ere, betiko errezetei eusten diete. Kontraerreforma planteatzen ari dira orain Legebiltzarrean, gutxi batzuen interesen mesedetan. Etxebizitzaren arazoari 10 urteko epe batean irtenbidea emateko, aldaketa drastikoak egin behar dira politika publikoetan. Ezinbestekoa da etxebizitzaren merkatuan eskuhartze publikoa egitea», adierazi du bozeramaileak. 

Halaber, EAJ eta PSEk gai honetan dituzten desadostasunak plazaratu ditu legebiltzarkideak. «EAJk errekurrituta dauka Espainiako Etxebizitza Legea eta lege hori indarrean jartzea blokeatuta dauka, prezioen indizea ezartzeko informazioa ez duelako bideratzen. Atzo bertan, Etxebizitza ministroak kontua hartu zien Arabako eta Bizkaiko Diputazioei», azaldu du. 

Kortajarenaren esanetan, zenbait gaietan zailagoak izango dira akordioak Eusko Legebiltzarrean, «politika publikoak aldatzen ez badira». «Baina badira beste gai batzuk akordioak lortzea ezinbestekoa izango dena: klima aldaketari aurre egitekoak, hizkuntz politika edo estatus berria. Madrilen gertatzen denaren kontrara, errespetuzko eztabaida espero dut gai hauen guztien inguruan», azpimarratu du EH Bilduren programa idazkariak. 

Estatus politikoaren inguruan, beharrezkotzat jo du Kortajarenak. «Burujabetza gehiago behar dugu, gure herritarren ongizatea bermatzeko. Azken egunetan adidide garbiak ikusi ditugu: pentsioak eta konexio elektrikoa berritzea. Denok ulertzen badugu estatus politikorako unea gomendatuko nuke lan asko egitea eta zarata gutxi ateratzea. Determinazioaz, gaitasunaz eta arduraz jokatu beharra dago», esan du.