AKTUALITATEA

| 2025-10-10

ETB1eko 'Egun on' saioan elkarrizketatu dute gaur goizean Mertxe Aizpurua, EH Bilduren Kongresuko bozeramailea. Bertan, Kongresuan aste honetan EH Bilduk bultzatuta onartu den legea izan dute hizpide, etxe turistikoen legez kanpoko jarduerari muga jartzeko asmoz, lizentziarik gabeko etxe turistikoak Interneteko plataformetan iragartzea debekatzen duena. «Legez kanpoko pisu turistikoak iragartzea eta alokatzea debekatzeko EH Bilduk proposatutako legea onartu du asteon Kongresuak. Orain arte erakundeak plataformen atzetik ibili dira, erreguka. Gure legearekin behartuta egongo dira iragarkirik ez jartzera, bestela isun handiak jasoko dituzte», adierazi du bozeramaileak. 

Bestetik, Palestinako genozidioa geldiarazteko bake planaren harira, Aizpuruaren esanetan, «Palestina babesteko eta Israel isolatzeko mobilizazioei eustea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Bat egin dugu urriaren 15erako sindikatuek deitutako lanuzteekin». «Genozidioa gelditzeko pauso oro ongietorria da, nahiz eta mesfidantza ere badugun. Ez gara fio Israelez, aurretik ere hautsi dituelako su etenak», azpimarratu du Aizpuruak eta gehitu du «Israel isolatu egin behar da, alde guztietatik. Bestela orain arteko suntsiketarekin jarraituko du modu batera edo bestera. Zigorrak ezarri behar zaizkio».

Erakunde desberdinetako aurrekontuen negozioazioak martxan direnean, Aizpuruak esan duenez, «aurrekontuak egotea nahi dugu, euskal herritarrentzat onurak ekarriko dituztelako. Abiatu ditugu jada negoziazioak, ez gara hutsetik hasten, eta espero dugu elkarrizketek fruituak ematea». «EAJ eta PSEren arteko tirabira etengabeek agerian uzten dute jarrera kontrajarriak dituztela gai askotan. EH Bilduri bidea ixteak batzen ditu. Horrek lotzen ditu gehien», salatu du bozeramaileak.