AKTUALITATEA

| 2023-05-19
EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du Iruñeko Labrit pilotalekuan. Bertan hitza hartu dute Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Laura Aznal Nafarroako presidenterako hautagaiak eta Joseba Asiron Iruñeko alkategaiak.
 
 
Arnaldo Otegi: “EH Bildu herritarren arazoei irtenbide alternatiboak emateko politika eraiki nahi duten pertsona guztien topagunea da”
 
EH Bildu jendearen arazoei irtenbide alternatiboak emateko politika eraiki nahi duten pertsona guztiak elkartzeko gunea da. Elkargune honetan, borondate kolektiboak eta indibidualak batzen ditugu, ibilbide ideologiko eta militante anitzak dituztenak.
 
Espazio hori, itxaropenerako bloke hau, politika guztiak eta akordio guztiak jendearen bizitza hobetzeko egingo direla bermatzeko da. Eta horregatik, herritarrek akordioetan egotea nahi du, gehiengo sozial handiei mesede egiten diegun bermea garelako.
 
M-28an gehiago izango gara eta indartsuagoak izango gara. Eta horrek aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko digu, ahotsik gabekoei ahotsa emanez, behekoak eliteen aurrean defendatuz, lingua navarrorum hitz eginez eta defendatuz eta dena mugarik gabe erabakitzen duen Nafarroa defendatuz.
 
 
Laura Aznal: “Maiatzaren 29tik aurrera EH Bildurekin hitz egin beharko da eskuina Nafarroako Gobernutik kanpo utzi nahi badugu”
 
Maiatzaren 28an ziklo elektoral luze bati emango diogu hasiera. Eta 28tik bertatik eskuinari atea ixtea dugu helburu. Eskuina urduri dago. Ikusi besterik ez dago azken asteetan nola dabilen. Zarata sortuz ezkutatu nahi du ez daukala proiektu politikorik nafar herritarrentzako. Eta horregatik hitz egiten du etengabe EH Bilduri buruz. Ba argi entzun dezatela, 28ra arte EH Bilduri buruz hitz egingo dute batzuek, baina maiatzaren 29tik aurrera EH Bildurekin hitz egin beharko da eskuina Nafarroako Gobernutik kanpo utzi nahi badugu. Eta horretarako gure prestutasun osoa agertu nahi dugu gaur. Hitz egiteko eta akordioak lortzeko.
 
Aste oso bat daukagu aurretik jendea konbentzitzeko. EH Bilduri botoa ematea maite dugun Nafarroa egiteko tresnarik onena dela lau haizetara zabaltzeko. Eta berriro diot, maiatzaren 28ko gauean sorpresa emango dugu, ez izan zalantzarik. Gau magikoa izan dadila gure esku dago. Eta egingo dugu!!
 
 
Joseba Asiron: “Munduko anbizio guztiarekin goaz, Iruñeko alkate-makila berreskuratzeko prest”
 
Eta sinetsidazue, munduko anbizio guztiz goazela. Alkate-makila Iruñea aurrerakoi, euskaldun eta feministaren esku jartzeko prest.
 
Amaitzen joango naiz. Iruñerako eta Nafarroa osorako hauteskunde oso garrantzitsuen atarian gaude. Asko dugu jokoan. Indarrak batzeko unea da, hitz egitekoa, ingurukoak EH Bildu Iruñea gobernatzeko alternatiba bakarra dela kobentzitzeko momentua, alternatiba fidagarri bakarra dela konbentzitzeko momentua. Eta, noski, baita Nafarroaren norabidea erabakitzeko ere.