Bilera egin dute, gaur eguerdian, EH Bilduk eta PSOEk, Pedro Sanchezen inbestidurarako babes bila alderdi sozialista egiten ari den bilera errondaren barruan. Kongresuan egindako bilera giro adeitsuan, eraikitzailean, errespetuzkoan eta zintzoan gauzatu da. EH Bilduk uste du gaur egindako bilera norabide onean doan urratsa dela, logika demokratikoa eta zentzua berreskuratzeko balio duena.
PSOEri euskal agenda soziala eramateko baliatu du gaurko bilera EH Bilduk:
Bakea eta Elkarbizitza. EH Bilduk uste du beharrezkoa dela espetxe politika berrikustea. Indarrean dagoen legedia bete behar da, gaur egun ematen zaion salbuespenezko izaera kenduta.
Murrizketa sozialekin eta askatasun demokratikoen aurkako erasoekin amaitzea. Estatuko herriek eta langileek pairatu behar dituzten murrizketa larriekin amaitzeko garaia dela uste du EH Bilduk.
Plurinazionalitatea eta lurralde krisia. Espainiako trantsizio demokratikoa delakoan abian jarritako lurralde ereduaren inguruko debatea egitea ezinbestekoa dela deritzo EH Bilduk. Lurralde krisi larri honen irtenbidea dira Estatuaren izaera plurinazionala aitortzea eta Estatuko herriei eta nazioei beren etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko dagokien eskubidea errespetatzea.