AKTUALITATEA

Justizia Soziala | 2023-12-12

Alargun pentsioak %14ra arte igoko dira 2024an, EH Bilduk pentsioen azken erreforman lortutako akordioa betez. Hala baieztatu du gaur Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministroak; modu horretara, iragan martxoan ezkerreko talde suberanistarekin adostutakoa betetzen eta aplikatzen hasi da gobernua. Igoera progresiboa izango da hurrengo lau urteetan; igoera handiena lehen urtean, 2024tik aurrera, gauzatuko da.

Halaber, kotizazio gabeko pentsioak igoko ditu Espainiako Gobernuak. Igoera hori legez finkatzea erdietsi zuen EH Bilduk 2022ko aurrekontuetan, eta premia handiena duten pentsiodunek igarriko dute gehien, emakumeek bereziki; 2024tik aurrera aplikatuko da.

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak nabarmendu du igoerak «ziurtasuna eta segurtasuna» ekarriko diela milaka pentsioduni, bereziki gutxieneko alargun pentsioak kobratzen dituzten emakumeei; pentsio horiek hurrengo lau urteetan zehar igoko dira. Horrela, pentsiodunen ongizatea arintzeko eta hobetzeko konpromiso irmoa berretsi du EH Bilduk, eta euskal herritarrei emandako hitza bete.

Kotizazio gabeko pentsioekin batera, alargun pentsioak dira gaur-gaurkoz pentsio baxuenak; emakumeak prekarietatean bizitzera kondenatzen dituen genero osagai argia dute pentsio horiek. Gaur Espainiako Gobernua betetzen hasi den akordioak «egonkortasun handiagoa» emango die guztiei.