AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-11-28

EH Bilduren oinarriek berretsi egin dute astelehenean Mahai Politikoak Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek (EAJk eta PSEk) adostutako Hezkuntza Legearen proposamenaren aurka bozkatzeko egindako proposamena. Astelehenean, EH Bilduren Mahai Politikoak proposamen hori bilkideei aurkeztea erabaki zuen. Astelehen arratsaldean bertan egin zen oinarriei irekitako batzarra, eta bertan azaldu ziren boto-orientazio horren arrazoiak eta Eusko Legebiltzarrean legearen tramitazioa nola izan den.

Hortik aurrera, ezker subiranistaren zuzendaritza politikoaren proposamena bozkatu ahal izan dute bilkideek. Gaur arratsaldeko 19:00etan itxi da botazioa. Horrela, eta EH Bilduren zuzendaritzak emandako hitza betez, bilkideak izan dira azken erabakia hartu dutenak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bilkideek zuten botoa emateko aukera eta horietatik %95,74ak zuzendaritzaren proposamena babestu du; hau da, Hezkuntza Legearen aurkako botoa ematearen alde egin dute; %3,01k Mahai Politikoak egindako proposamenaren kontra bozkatu du eta %1,24k zuriz bozkatu du. Boto eskubidea zeukaten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bilkideen %41,2k parte hartu du bozketan.