AKTUALITATEA

| 2019-05-22

Bea Ilardia ahaldungai nagusiak, Batzar Nagusietarako EH Bilduko hautagai nagusiekin batera, koalizio independentistak “Bizkaia hobea lortzeko proiektu sendoa” duela adierazi du gaur goizean Gernikan eta, horri jarraituz, erantsi du EH Bildu bera dela “berme bakarra gizarte eta lan arloetan Bizkaian atzera egin ez dezan”.

Azaldu duenez, nahiz eta “Bizkaia bizitzeko leku on bat” izan, premiaz konpondu beharreko gabeziak ditu eta, horretarako, azpimarratu du, udaletxeetan erakutsi dugun bezala, EH Bildu da berme bakarra dekretuz eta jendeari entzun gabe ez gobernatzeko eta Bizkaia justu, orekatu eta kohesionatu bat lortzeko”.

Horren haritik, Ilardiak agindu du “bizi kalitatean aurrerapausoak emateko kalitatezko zerbitzu publikoen alde” lan egingo duela eta, helburu hori lortzeko, “EH Bildu indartsu bat” eskatu du, “EH Bildu indartsu batek Bizkaia hobe bat ekarriko duelako, EH Bildu erabakigarria den lekuetan jendearen bizitzak hobera egiten baitu”. Izan ere, “2019an ezin da onartu lanpostu bat hile bukaerara heltzeko bermea ez izatea, gure nagusien zaintza bermatuta ez egotea, eskualde batean edo bestean bizitzeak pertsona baten oraina eta etorkizuna baldintzatzea”.