AKTUALITATEA

| 2020-07-23

EH Bilduk Tubacexen lanpostu guztien defentsan eragile aktiboa izan dadila eskatu dio gaur Jaurlaritzari. Iker Casanovak ohartarazi duenez, "ez gaude kasu isolatu baten aurrean, lehendabizikoa da, baina, Siemens Gamesa Nafarroan bezala, industria garrantzitsuetan horrelako kasu gehiago izango ditugu aurrerantzean". Hori dela eta, "Jaurlaritzak paper aktiboa eta protagonista izan behar du enpleguaren eta industriaren defentsan; Gobernua ez da egoeraren akta altxatzen duen notarioa, ezta lekuko mutu bat ere, benetako politika industrial baten buru izan behar du". Casanovak, Eba Blanco legebiltzarkidearekin eta Aiaraldeko EH Bilduren hainbat alkate eta zinegotzirekin batera, Tubacex aurrean, Laudion, egin ditu adierazpenok, "Aiaraldean pairatzen ari garen gainbehera sozioekonomikoaren beste kapitulu bat salatzeko eta eskualdea berraktibatuko duen benetako konponbidea aldarrikatzeko".

Casanovak "industria-politika proaktiboa" eskatu du, "arazoei aurrea hartuko diena, ikuspegi estrategikoa izango duena eta baliabidez hornitua egongo dena; aitzitik, Jaurlaritzaren industria-politikak pasibotasuna, epe motzekoa eta propaganda ditu ezaugarri".

Koronabirusak euskal ekonomiaren egiturazko arazoak areagotu eta azaleratu dituela azaldu ostean, EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du egoera honetan "enpresa-sektore jakin batzuek shockaren doktrina aplikatu eta gizarteak jasan duen astinaldia  baliatu nahi izango dute plantillak murrizteko eta etekina motz-motzean bilatzeko, lan-baldintzak hondatzearen eta enplegua suntsitzearen kontura".

Egiazkoa den arrisku horren aurrean, "tinko eutsi behar dugu”, esan du Casanovak, “krisiaren ondorioak langileek ordaintzen saiatuko direlako, bai eta aberatsen fiskalitate txikia blindatzen ere, zerbitzu publikoetan murrizketak eta enpresa pribatuetan kaleratzeak eginez". EH Bilduren proposamena, aldiz, "guztiz kontrakoa da: fiskalitatea gehien dutenei igotzea, enplegua eta industria defendatuko dituzten politika publikoak egiteko, zerbitzu publikoak mantentzeko eta krisia langileen bizkar ez uzteko".

Legebiltzarkideak norabide horretan lan egiteko tresnak egon badaudela ziurtatu du, Tubacexen eta antzeko kasuetan aplika daitezkeenak. "Bai aurreko legealdian, bai hauteskundeetan Inteligentzia Ekonomikoaren Euskal Institutua sortzea proposatu dugu, ekoizpen-sarea etengabe eskaneatzeko eta ahulguneak goiz detektatzeko, neurriak garaiz hartu ahal izateko; zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko protokolo integral bat proposatu dugu, aholkularitzatik kapital publikoa sartzeraino, eta tresna ekonomikoak ere proposatu ditugu, 1.800 milioi euro, enpresei likidezia emateko,
erreskateetan esku hartzeko edota enpresa estrategikoetan edo arazoak dituztenetan kapital publikoa sartzeko”.

Casanovaren ildotik ere, Eba Blancok Aiaraldea azken urteotan pairatzen ari den gainbehera sozioekonomikoan instituzioek duten ardura azpimarratu du. Izan ere, “gure eskualdeak 90eko hamarkadako industria-birmoldaketaren ondorioak pairatzen jarraitzen du, besteak beste, Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak ez dutelako inolako inbertsio esanguratsurik egin eskualdeko enpresen ekoizpen sistema eta berrikuntzan, eta horrek enpresak ixtea edota deslokalizazio prozesuak ekarri ditu, zonaldeko langabezia-tasa EAEko altuenetako bat izatera heltzeraino”.

“Urteak daramatzagu –gogorarazi du– eskualde honek erakundeen aldetik arreta berezia behar eta merezi duela aldarrikatzen”. Zentzu horretan, Blancoren ustez, garrantzi handia izan behar du, EH Bilduk eskatuta, Legebiltzarrak sortutako ponentziak, bertan Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa aztertu eta eskualdea biziberritzeko neurriak zehaztu behar direlako”.